Euskara eta energia berriztagarriak berbagai

Maider Arregi 2022ko abe. 1a, 15:45

Martitzenean egin zen azaroko ohiko osoko bilkura. Euskararen Eguna eta euskara izan ziren berbagai nagusiak, eta hainbat mozio izan zituzten aztergai. Bestetik, Ekiola proiektua eta energia komunitateak izan zituzten eztabaidagai, besteak beste.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) arautzeko ordenantzaren hasierako onespena onar- tuta geratu da, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin; alderdi sozialistak aurka bozkatu du. "Ordenantza horren bidez, Antzuolan egingo den edozein ekintza nahiz planetan euskarak izan dezakeen inpaktuaren ebaluazioa egingo da. Inpaktua minimizatzea eta hobekuntza-urratsak egitea litzateke helburua. Horrek jarraibide bat dauka. Lehenengo, proiektuaren irismena aztertzen da eta ELE martxan jarriko ote den adostuko da. Hau da, plan edo proiektu bati hizkuntza inpaktuaren azterlana egin edo ez erabakiko duen urratsa da. Bilakaera-indizeak zehaztuko du hizkuntza inpaktuaren azterlana eta txostena egin behar den edo ez. Bilakaera-indizea positiboa bada, ez da txostenik egin beharko", azaldu zuen Mikel Bargielak, Euskara zinegotziak.

ELE batzordea Euskara zinegotziak, Euskara teknikariak, ebaluatzen den egitasmoaren teknikariak eta Uemako teknikari batek osatuko dute.

Bestetik, Euskararen Egunaren harira, Uemak bere udalerrietan aurkeztutako mozioa aurkeztu eta onartu du EH Bilduk EAJren aldeko botoekin; alderdi sozialistak aurka bozkatu du. "Euskararen eremua, egun, 300.000 pertsonak osatzen dute, euskararen berezko muga geografikoa osatuta. Bada momentua bultzada eta saltoa ekarriko duten ekimenak hartzeko", esan du Beñardo Kortabarriak.

EAJk Euskararen Egunaren baitan aurkeztutako mozioari, ordea, aurkako botoa eman dio EH Bilduk: "EAJren mozioa motz geratzen zaigu, egungo egoera nolakoa den ikusita; bada marko berri bat eta akordioak bilatzeko garaia da, eta Uemaren adierazpenak hori aldarrikatzen du". Aitor Urrutia jeltzaleak gaineratu du mozio batek ez duela bestea kentzen eta aurreko legeak 40 urteko "ibilbide positiboa" duela.

Ekiola egitasmoa

Ekiola proiektuaren EAJren proposamena atzera bota du Udal Gobernuak. "Etorri den moduan ezin dugu baiezkorik eman: batetik, Antzuolak ez duelako behar beste biztanle, terreno eta tamainarik; bestetik, proposamenean ez delako proiektua zehatz azaltzen. Mozioa atzera bota arren, gaia aztertzen hasteko konpromisoa hartzen dugu Elgeta, Bergara eta Oñatiko udalekin". Hain zuzen ere, mozioak "horixe eskatzen duela, hitz egiten hastea", gaineratu du Basilio Ormazabalek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak