Gaur goizean, hamazazpi lagun elkartu dira Antzuolako AMA TXO gaztandegian, Lamariano azpikoa baserria, bertako Txomin Alberdiren eta Amaia Laskurainen ogibidea ezagutzeko. Guztira 10 gazta mota ezberdin egiten dituzte eta horiek ekoizteko egiten duten jardunaren azalpena eman diete bertaratutakoei; artaldearen maneiatzetik hasi eta gazta ekoizteko pausoetara arte. Ordubete inguruko bisitaren amaieran, gazta dastaketa egin dute.
Behin baino gehiagotan egin dituzte bisitak, eta halako jarduerek garrantzia dutela azpimarratu du Txomin Alberdik: "Ondo etortzen da kanpoko jendeak ikus dezan gure egunerokoa eta zelan zaintzen ditugun animaliak". Goizaren balorazio positiboa egin du Alberdik. Familian elkartu dira gehientsuenak eta hortan jarri du azpimarra Alberdik, haurrentzat ere interesgarria baita produktuak nondik datozen ikustea.
Parte-hartzaileak ere gustura, bailaran egiten diren produktuak ezagutzeko aukera izan dutelako domeka goizean: "Interesgarria izan da. Denetarik azaldu digute eta dastaketa ederra eman digute. Bailaran gazta onak egiten direla ere argi geratu zaigu".
Bisita gidatu gehiago asteburuan
Asteburuan doako bisita gidatuak egin dituzte Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta bertako produktuen ekoizpen-etxalde eta lurretan, Debagoieneko lurraren zaporeak izenburupean. Gazta, gatza eta txokolatea izan dira protagonista, eta bisitak Antzuolako AMA TXO gaztandegian egiteaz gain, Leintz-Gatzagako Gatzaren museoan eta Oñatiko Txokolateixia museoan nahiz Gomiztegi artzain-eskolan egin dituzte.