Eusko Jaurlaritzaren Berdintzen bekarekin garatu du Onintza Legorburuk Euskararen esanahia(k): Euskalgintzako kartelen irakurketa, genero perspektibatik (1960-2018) ikerketa, eta gaur, Antzuolako Olaranen aurkeztu du lana, Euskaraldiko egitarauaren barruan.
Legorburuk hitzaldiaren inguruko balorazio positiboa egin du: "Eguraldiak lagundu ez badu ere, balorazio positiboa egin dute hurbildu direnek eta neu ere gustura geratu naiz".
Ikerketan 1960tik 2018ra bitarteko euskalgintzako kartelak aztertu ditu, genero ikuspegitik eta hiru etapa historikotan kokatu du lana. Lehenengo etapa 60ko eta 70eko hamarkada historikoetan kokatzen da. Azaldu duenez, nazionalismo goiztiarretik eta ondorengo trantsizioak markatzen dituzte ordungo horma-irudiak eta, "esan daiteke, kutsu femeninoak datozela".
Bigarren etapa 80ko eta 90eko hamarkadetan kokatu du: "Bi familia abertzaleen arteko gatazka urteak dira, eta karteletan nahiz testuetan islatzen eta maskulinizatzen da euskara".
Azkenik, 2000-2010 urteetan jarri du arreta, eta adierazi duenez, "aurreko garai historikoko pisua kendu nahi da. Despolitizazio hori egiteko, kartelak infantilizatu eta feminizatu egin dira".
Hasiera, dantzatuz
Antzuolarrek dantzaren bitartez abiatu zuten aurtengo Euskaraldia, atzo, eskolako patioan. Ondoren, txokolate-jana eta puzgarriak izan zituzten hotzari eta euriari aurre egiteko.