Josue Madariaga: "Bezeroentzako zaila da dekorazioan arriskatzea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko aza. 12a, 10:16

Josue Madariaga, Antzuola, martitzenean egindako elkarrizketan. (Argazkia: I.A.A.)

Bezeroak "betikoa" nahi duela dio Madariagak; halaber, egur trinkoarekin etxe osoa jartzea ez dela bideragarria azaldu du, egurra oso garesti dagoelako.

Josue Madariagaren aitona eta aita beste negozio batzuetan murgildu baziren ere, birraitonaren ogibidea aukeratu zuen antzuolarrak. Autonomo lan egin ondoren sortu zuen Ameskua Arotzak, herrian beharra zegoela ikusi baitzuen.

Hasieratik argi zenuen arotza izan nahi zenuela?

Bai. Sormena lantzeko aukera hori gustatu izan zait. Askatasuna daukat, eta ez daukat loturarik, tailer batean bezala. Betidanik izan dut argi eskulanekin lotutako zerbaitetan egin nahi nuela lan. Hori izan da nire bizibidea.

Zer egiten du arotz batek?

Denetik. Lurra, armairuak, zokaloak... Osagarri bereziak ere egiten ditugu, hala nola forruak eta papereztatuak. Baina, gaur egun, normaletik kanpo dauden gauzak egin behar dira, jende asko baitago ateak edo lurra jartzeko prestatuta.

Zertan desberdintzen zara zu?

Ezberdintze hori ez dago nire esku. Bezeroari elementu bereziak jartzen saiatzen gara, baina ez da erraza. Azkenean, jendea ez dago aldaketak egiteko prest. Betikoa nahi izaten du: ate zuriak, pareta grisak... Egurrarekin ere zenbait gauza egin daitezkeela erakusten saiatzen gara. Gaur egun, dekoratzaile baten bidez egiten da lan.

Sormena da lanetik gehien gustatzen zaizuna, baina badago gutxien gustatzen zaizun ezer?

Adibidez, gestoria-lana egitea zaila da. Azkenean, hor egon behar duzu beti aurrekontuak eta fakturak egiten. Arotz-lanekin gehiago ibiltzen naiz eta lan honen beste aldea gehiago kostatzen zait.

Egur imitazioek indarra hartu dute.

Gu saiatzen gara benetako egurrarekin lan egiten, baina gaur egun egur-egurra oso garestia da. Etxe osoa egur trinkoarekin jartzea ez da bideragarria. Horregatik ateratzen dira beste aukera batzuk; kasu honetan, nahiko onak diren imitazioak. Bereizi behar dena da denda handiek erabiltzen dituzten materialak eta guk erabiltzen ditugunak kalitatean ezberdintasuna dutela.

Antzuolarra zara. Zein da herriko txokorik gustukoena?

Asko gustatu izan zaizkit goian dagoen errota eta Antiguako ermita. Ermita oso berezia da niretzat, arkitektonikoki egur asko baitauka. Koroa, adibidez, dena egurrezkoa da.

Denbora librean zer egitea duzu gustuko?

Pixka bat denetik egitea dut gogoko. Jendearekin sozializatzea asko gustatzen zait, baita bidaiatzea ere. Eta, nola ez, semeekin egotea.

Herriko eragileei laguntzen

"Herriko taldeek eta elkarteek laguntza eskatzen digutenean, gure txikitasunean, saiatzen gara laguntza ematen. Esaterako, bada gure kamiseta daraman Antzuolako futbol talde bat. Duela gutxi, mus txapelketa egin da, eta hor ere lagundu dugu. Herri mailako jarduerak bultzatzea gustatzen zait. Azkenean, herriak ematen digu guri jaten. Hortaz, iruditzen zait guk ere gure ekarpena egin behar dugula halakoetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak