Basilio Ormazabal: "Industriari herrian eusteko, plana falta da"

Maider Arregi 2022ko aza. 3a, 09:00

Basiolio Ormazabal jeltzale bozeramaileak bost agintaldi daramatza Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotzi Antzuolako Udalean; horietako bi gobernuan egin ditu, zinegotzi, eta hiru zerrendaburu, oposizioan.

Ormazabalek azken agintaldiko balorazioa egin du, eta, bide batez, Antzuolan beharrezko jotzen dituen inbertsioak zeintzuk diren kontatu.

Nolako agintaldia izan da?

COVID-19ak baldintzatutakoa. COVID sasoian Gobernuak egin duen lana ondo baloratzen dut, baina onartu ziren zenbait politika ez genituen babestu. Olarango obra, esaterako, aurrekontuan sartuta zegoen, eta obra atzeratu egin zen. Gure ustez, orduan zen obra egiteko momentua, eta herriko taldeak sakabanatuta egotea ekidingo litzateke. Uste dugu dirulaguntza gehiegi jarri zela; izan ere, herrian egiten genituen erosketa guztiak, eta horrek asko lagundu zion tokiko komertzioari. Hasieran beldurra izan arren, laguntza asko jaso zen eta Foru Funtsa mantendu egin zen. Hala, inguruko udal guztiak sobera- kinekin geratu ziren. Antzuola milioi bat eta bostehun mila euroko gerakinarekin gertatu zen iaz. Hori dela eta, mailegua kentzeko eskatu genion Gobernuari; kostata, baina mailegua kendu zuten.

Proiektuak gauzatzeko "presa" egozten diozue Gobernuari.

Bai; soberakina dagoela ikusi dute eta presaka kreditu aldaketak eta gauzak egiten hasi dira agintaldi honetan. Eragileekin egon direla diote, eta gurekin ez da inor egon. Gainera, proiektuak ez dira urtearen barruan egiten. Badirudi herriaren aurrean itxura aldetik egiten dutela. Errekaldeko proiektuarekin berdin gertatu da. Gu ados gaude proiektuarekin, baina kreditu aldaketa planteatzen dute, landuta dagoen proiektua esku artean izan gabe, Diputazioarekin egon gabe eta baimen guztiak izan gabe. Presaka eta landu gabe egiten dituzte proiektuak.

Kudeaketari dagokionez, zerk arduratzen du EAJ?

Aurrekontuen kudeaketarekiko duten kontrolik ezak arduratzen gaitu. Osoko bilkuretan bizitakoa larria izan da. Ez alkateak eta ez idazkariak ere ez zekiten gerakinak amaitu egiten zirela. Esan, eta alferrik. Eta gauza bera gertatzen ari da aurrekontuetako zenbait partidarekin: argindarrarekin, adibidez. Ez dago kontrolik. Ogasun batzordean ez da fakturen zerrendarik erakusten eta lantzen. Horregatik, gaiak aurretik batzordean lantzeko eskatzen diogu Gobernuari. 2023ko aurrekontuak batzordeetatik pasatzea eskatzen dugu, ideiak batzordeetara ekarri eta bertan lantzeko, alegia.

Zelakoa da harremana Gobernuarekin?

Ez dut inolako arazorik inorekin. Baina instituzionalki gutxietsita sentitzen gara, eta lanerako oztopoz beteta. Txostenak eta informazioa ez zaizkigu, gainera, garaiz heltzen.

Nolako aurrekontuak proposatuko zenituzke?

Datorren urtea impasse egoerakoa izango da. Batetik, hauteskundeak egingo direlako, eta, bestetik, aurten amaituko ez diren obrak egingo direlako; Ibarrondokoa, esaterako. Errekaldeko proiektua ere egin beharko da, eta datorren urtean gauzatu. Beraz, teorian, proiektu horien soberakinak egongo dira. Baina errealitatea da gauza berriak egiteko ez dela egongo gerakinik. Foru Funtsetatik eta zergetatik jaso duguna soilik geratuko zaigu eta gure gastuak goraka joango dira. Horri gehitu HAPOk baldintzatuta daudela inbertsioak datozen urtetarako. Baina HAPOrekin bateragarria ikusten dugu gure proposamen hau: Sagasti auzoko biribilgunetik Antiguarako bidea egitea. Kostua izango du, baina onurak ere baditu. Autobus geltokirako bidea erosoagoa izango litzateke eta HAPOk markatutako etorkizuneko inbertsioei begira ere errentagarria izango litzateke. Lapatzako gunean autokarabana gunea egitea ere proposatu dugu, eta badirudi bideratzeko bidean dagoela.

Eta zer behar du herriak?

Gardentasun falta handia dago eta akzio plan zuzentzailerik ere ez dago. Hau da, ekintzen balora- zioa ere faltan igartzen dut. Adi- bidez, Olaran edo baserrietara ura eramateko obrak egin dira, baina ez dago horien baloraziorik. Proiektu guztiak atzerapenarekin egiten dira, gainera. Edota rokodroma ere egin da, eta ez dakigu zenbat erabiltzaile dituen. Plaka fotovoltaikoak ere jarri dira, eta ez daude martxan oraindik. Faltan igartzen dugu aspaldidanik, lau agintaldi, gutxienez, plan industrial bat. Errekak, adibidez, deslokalizatu eta zati bat eraman du. Bestalde, autonomoendako laguntzak bideratzearen aldekoak gara. Herriko komertzioak ixten doaz, eta, horregatik, norbaitek negozio bat abiatu nahiko balu, gure proposamena litzateke autonomo kuota bi urtez Udalak ordaintzea. Horrez gain, udal instalazioetako energia aurrezteko planik ere ez du egin Udalak, eta plangintza hori ere behar du herriak. Herria zikin ikusten jarraitzen dugu, eta jada pasatako ekintzen kartelak kendu beharko lirateke. Berdin gertatzen da egoera txarrean dauden barandekin ere. Plan bat egon beharko luke horien mantentzea profesional batek egiteko.

Trekutz parke eolikoaren proiektua ez duzue babestu.

Hasierako proiektua oso bortitza zela aztertu genuen. Behin betiko proiektua ikustean hitz egingo dugu, herriarendako zelako onura ekar dezakeen ere aztertu behar da.

Berriro aurkeztuko zara?

Ez dut zerrendan joatea baztertzen, baina zerrendaburu gisa ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak