Pertsona aktibo egotearen onurak askotarikoak dira. Izan ere, jarduerek –fisikoak, kognitiboak zein sozialak– menpekotasunari aurre hartzen laguntzen dute, baita osasuna zein autoestimua sendotzen eta gogo-aldartea hobetzen lagundu ere.
Hain zuzen ere, Antzuolako Eguneko zentroak horixe aldarrikatzen du, zerbitzuak dituen baliabideen bitartez nagusien gizarteratzea eta bizitza aktiboa sustatzea. "Eguneroko bizitzan adineko askok beraien kabuz etxean jarduera horiek egiteko zailtasunak eta oztopoak izaten dituzte. Horretarako, Eguneko Zentroak baliabide ezin hobeak izan ohi dira, gizarteratzea eta bizitza aktiboa baitira baliabide horien helburu nagusiak", azaldu du Eguneko Zentroko arduradun Itsaso Garmendiak.
Modu berean, Eguneko Zentroa eguneroko bizitzako ekintzak egiteko laguntza behar duten pertsonei zuzenduta ere badago, eta arreta indibidualizatua eskaintzen diete. "Konfiantzazko ingurune segurua, lasaia eta atsegina sortzen saiatzen gara Antzuolako Eguneko Zentroan lan egiten dugun profesionalok. Erabiltzailea ezagutzea eta haren parte hartzea bultzatzea oinarrizkoak dira gure funtzionamendu egokirako, eta, horregatik, erabiltzaileen eta beraien familiartekoen iritziak kontuan izatea ezinbestekoa da", gaineratu dute.
Azpimarratu nahi izan dute zailtasunak eta askotariko laguntza behar dituztenendako ez ezik, sasoiko daudenendako lekua ere badela, arestian esandako moduan.
Azaroan ate irekiak
Azaroan, gainera, ate irekiak egingo dituzte, bertan egiten dituzten jarduerak eta eskaintzen dituzten zerbitzuen berri izan dezaten herritar guztiek, hain zuzen ere. "Herritarrei Eguneko Zentroa erakutsiko diegu azaroan, eta bertan egiten dugun lana gertutik ezagutuko dute. Sagasti auzoko Torresoroako egoitzan dago kokatuta zentroa. Betidanik herritarren beharretara egokituta egon gara; horregatik, edo- zein zalantzatarako eta dituzten beharrak entzuteko, harremanetan jarri daitezke Gizarte Zerbitzuen Sailarekin, 943 76 62 46 telefono zenbakira deituta. Zentroa ezagutu eta ikusi nahi izanez gero, nirekin jarri daitezke interesa dutenek, 679 11 17 28 zenbakian", jakinarazi du Itsaso Garmendia arduradunak.
Hamabi egoiliar daude eguneko zentroan; bi gizonezko eta hamar emakumezko. Hala ere, hemeretzirendako lekua dauka.
Erabiltzaileak, gustura
"Orain dela 11 urte hasi nintzen etortzen. Etxean gelditzeko arazorik ez neukan, etxeko lanak egiteko gai nintzen eta egunerokotasunean moldatzen nintzen. Hala eta guztiz ere, zentrora etortzea erabaki nuen, konpainian egoteko. Inoiz ez naiz damutuko erabaki hori hartu izanaz. Hemen inon baino hobeto nago, egunero jendez inguratuta nago eta nahi ditudan ekintzak egiten ditut: koadroak, marraztu, paseatu, gimnasia egin, kanpoko irteerak... Sukaldean ere aritzen gara! Zenbat gauza egin ditudan 11 urte hauetan...", kontatu du Carmen Mourak.