'Hil Arte Bizi', hiltzearen aurrean ahalduntzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko urr. 14a, 11:45

Herritarrak heriotzaren aurrean ahalduntzea du asmo 'Hil arte bizi' egitasmoak, eta lau tailer egingo dira Antzuolan. Nere Erkiaga da sustatzailea, eta urriaren 19an izango da aurkezpena; besteak beste, gaiaren inguruko alor praktikoak landuko dituzte.

Hil Arte Bizi egitasmoa aurkeztuko du Nere Erkiaga tanatologian, parte hartzen dinamiketan eta kultur transmisioan adituak Antzuolan, herritarrak heriotzaren aurrean ahalduntzeko. Urriaren 19an izango da, Olaranen, 18:00etan.

"Alor ezberdinetan ditugun eskubideak ezagutu, guk ditugun ideiak argitu, besteenak entzunda gureak egokitu nahi ote ditugun ikusi, eta, azken finean, elkarrekin ikasi eta hartu behar diren erabakiak gauzatzen lagundu nahi du egitasmoak", azaldu du Erkiagak. Haren ustez, heriotzaren gaineko kontuak bakarka lantzea "zaila" da, eta, sarritan, "alferkeria galanta" ematen du. "Egitasmoak taldean egitea proposatzen du, modu atsegin eta egituratuan".

Horretarako, Antzuolan lau tailer eskainiko dituzte. Lehenengoan, hiltzearen aurrean dauden baliabideak landuko dira, zerk lagundu eta zerk egin dezakeen kalte, adibidez. "Bigarrenean, kontu praktikoetan sakonduko dugu: hileta enpresen funtzionamendua, testamentua, bizitza digitala...". Eta, azken bietan, agurrek duten funtzioaz eta norbere agurraz jardungo dute.

Naturala bezain soziala

Erkiagak azaldu du heriotzari beldurra izatea "naturala" den arren, zati handi bat "soziala" ere badela. "Beldur naturalak bizitzari lotzen laguntzen digu, eta izan daiteke pertsonaren batek bere historian izan duen esperientzia batengatik hiltzeari beldur patologikoa izatea: horrek lanketa pertsonala eskatuko luke". Dena den, uste du herritar gehienen beldurra sozialki eraikitakoa dela.

Nabarmendu duenez, lehen, erlijioak betetzen zuen funtzio hori, eta, egun, pertsonak "libreagoak" izan daitezkeela pentsatu daitekeen arren, ez dela horrela: "Hedabideetan, Interneten, zineman... Etengabe zabaltzen den iruditegia beldurgarriarekin gure inkontzientea gainezka dabil". Baina Erkiagak erantsi du eraiki den beldur hori deseraikitzea dela egitasmoaren proposamena.

Ez da doluan daudenentzat

Erkiagak, ordea, ohartarazi du tailerretako dinamikak ez daudela prestatuta doluan daudenentzat. "Askoz ere zaurgarriago gaude; batzuetan, bizitzari lotuta; eta, beste batzuetan, baita desagertuta ere". Hala, jakinarazi du adin nagusikoa den edozeinentzat dela egokia, edo heriotzaren inguruan bere buruaren jabe izan nahi duenarentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak