Miren Arrate Gallastegi: "Anbizio handiagoko antolakuntza behar da"

Maider Arregi 2022ko urr. 18a, 09:00

Miren Arrate Gallastegi, Antzuolako Mañarieta auzoan.

2015a ezkero, bi agintaldi oso daramatza Miren Arrate Gallastegi eibartarrak Antzuolako PSE-EEko bozeramaile; 2019tik, Legebiltzarreko parlamentaria ere bada. 2023ko aurrekontuak onartzear dauden honetan, inbertsio berritzaileak jasoko dituen udal aurrekontuen aldeko apustua egiten duela alderdi sozialistak dio  Gallastegi bozeramaileak. 

Agintaldiari buruzko zein balorazio egiten duzu?

COVID-19ak eragindako pandemiagatik oso agintaldi konplexua izan da niretzako, bai pertsonalki eta baita politikoki ere. Alderdi sozialistak oso argi izan du egoera honen aurrean Udal Gobernuari laguntza eskaini behar ziola hainbat ideiaren bitartez. Baina suspertze lanetan jarri behar genuela uste genuenean, Putinek sustatutako Ukrainako gerrak eragindako krisi ekonomikoak gogor kolpatu gaitu. Energiaren garestitzeak eta erosketa-otzararen prezio igoerak kolpatu ditu herritarrak, bereziki. Nire bizitza politiko osoan ez dut egun bizi dugun moduko egoerarik bizi izan.

Eta egoera larri honen aurrean, EH Bilduren Udal Gobernuak ez du mailarik eman. Ez da soilik larrialdiei erantzutea kontua, uste dugu etorkizuneko ekonomiaren eraldaketarako lan egiteko aukera bat dela. Hau da, tokiko ekonomia bultzatzeko eta garapen industrialarekiko konpromisoa erakusteko aukera da.

Zeintzuk dira Antzuolako herriarendako alderdi sozialistak gauzatu dituen proiektuak?

Gure lehentasunetako bat izan da diru publikoa, denona den dirua, gizarte arazoei erantzuna emateko bideratzea. Gure bizi- lagunen beharrei erantzutea, alegia. Alabaina, urtetik urtera, diru partida bat bideratzen da ETAko presoen familiek kartzeletara egiten dituzten desplaza- menduei aurre egiteko. Gainera, lagunak dituzten Udalbiltza eta Uema bezalako elkarteak diru publikoarekin laguntzen dira. Horiek ez dituzte helburu sozial eta ekonomikoak. Langabeziari aurre egin beharrean, edota Eguneko Zentroaren eta tutoretzapean dadoen etxebizitzei babes zabalagoa eman beharrean, EH Bilduk bere helburu alderdikoia lehenesten du.

Nolakoa harremana izan duzu Udal Gobernuarekin?

Harreman pertsonala ona da, errespetuduna. Baina arlo politikoari dagokionez, EH Bilduk Udala nahieran erabiltzen du. Gainera, oposizioari ez zaio in- formazioa behar den moduan helarazten eta ez zaio lana errazten; behin eta berriro salatu dugu hori; izan ere, uste dugu oposizioaren lana mugatzen duela.

Gizarte gaietan adostasuna lortu izan dute alderdi sozialistak eta Udal Gobernuak.

Gure iritziz, gizarte politika kudeaketaren muina da. Zertarako egitea da garrantzitsua. Herritar xume eta zaurgarrienen bizitza hobetzeko lanean aurkituko gaituzue. Horregatik, gai honetan adostasuna bilatzeko ahalegina egiten dugu. Helburua da antzuolarren gizarte politiken kalitatea handitzea zein hobetzea eta antzuolarren gizarte zerbitzuen etorkizuna bermatzea.

Gogor defendatu duzue berdintasunaren alorra.

Sozialistendako oinarrizko printzipioa da berdintasuna. Gure proiektuetako esparru guztien ardatza da, oposizioan egon edo ez. Horregatik, genero indarkeriari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina bat egiteko diru-partida aurkeztu nuen aurtengo aurrekontuetarako. Zoritxarrez, ezker abertzaleak ez zuen antzuolarrendako beharrezkotzat jo.

Antzuolarren bizi-kalitatea hobetzeko zein proposamen egin dituzue.

Garapen ekonomikoa oinarri duten proiektuak sustatzea izan da gure apustua. Antzuolako industria eta enpresa garapenaren alde egin dugu, ekintzailetza, sortu berri diren sektoreak, industria sortzaileak eta eraldatzaileak, besteak beste, sustatuz.

Zein iritzi duzu Trekutzeko parke eolikoaz?

Garbi dudana da aldaketa klimatikoari aurre egiteko denbora agortzen ari zaigula. Sinistuta nago energia berriztagarrien erabilera sustatu behar dela ohiko energia sistema aldatuta. Horregatik, PSE-EEk uste du horrelako parkeak egiterakoan kontuan izan behar dela inguruan izango duen ingurugiroaren inpaktua zein bertako balio naturalak. Haatik, gure eskualdean parke eoliko seguruak bermatu behar dira, gure eskualdearen balioei, ezaugarriei eta beharrei erantzuteko. Gizarte irizpideen baitan garatu behar dira, eta gure herritarren beharrei erantzun ere egin behar die; baita eskualdeko industriaren beharrei ere. Eta, nola ez, herritarrendako lanpostuak sortu behar ditu.

2023ko aurrekontuak lantzen dihardu Gobernuak. Zein proposamen dituzue?

Gustatuko litzaidake etorkizunera begira egindako inbertsioak jasotzea 2023ko aurrekontuak. Inbertsio berritzailea, zehazki. Antzuolak aurrera egin behar du, eta aukerak eta dirua baditu. Antolakuntzak anbizio handiagokoa izan behar du, modernoa eta jasangarria.

2019an parlamentari kargua hartu zenuen berriro; zinegotzi lanarekin bateragarria izan da? Ondo moldatu zara?

Zaila da, baina gauzak asko erraztuko lirateke Gobernuaren aldetik oposizioaren lana zailduko ez balitz. Adibidez, osoko bilkuretako dokumentazioa egun bat lehenago jasotzen dugu, eta, gehientsuenetan, justifikatutako txostenik eta informaziorik gabe. Baina harrigarriena da noiz edo noiz oposizioaren proposamenak ere ez dituela Gobernuak gai-zerrendan sartu.

Zerrendaburu gisa aurkeztuko zara maiatzeko udal hauteskundetan?

Ez da soilik nire erabakia; nire alderdikideak, PSE-EE alderdiko militanteak, dira zerrenda-burua zein izango den proposatu eta erabakitzeko dutenak. Baina niretzako ohorea litzateke berriro Antzuolan aurkeztea. Hala ere, esan nahi dut formatutako gazte ugari ditugula erreleborako gertu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak