Arrolako kide eta belaunaldi gazteen esker ona
"Ikusi mendizaleak, baso eta zelaiak. Mendian gora haritza. Igo nazazu nire mendira, zure gailurretik gora. Aldapan gora, pausorik paso. Euskal kantagintzako letra hauek ikusita, badirudi oso presente dagoela, eta egon dela mendia gure imajinarioan, eta oro har, euskal kulturan.
Kantua bera ere, esango nuke oso presente egon dela mendian, edo nire oroitzapenek behintzat, hortaz hitz egiten didate. Haurrak ginela, asteazken, ostegun edo ostiralean hasten zen Arrolako irteera, ez naiz gogoratzen zehazki. Badakit, eskolan hasten zela, eta asteburuko irteerak, astea ere hartzen zuela. Eskolan pasatzen zen izen emate orriarekin hasten baitzen zehazki, Arrolako igande goizeko irteera.
Izena ematen genuen gelakide gehienok, eta ondoren, etxean gurasoei komentatzen genien, igandeko irteerarako izena eman genuela, eta Gorbeia, Elgea edo batek daki zein menditara gindoazela. Agian, alderantziz beharko luke; etxean galdetu, eta izena eman. Baina guretzat orden logikoa horixe zen, lehendabizi izena ematea.
Igande goizean, bekarrak begietan eta motxilan bokadilo eder bat hartuta, hortxe joaten ginen autobusean. Hor nahasten ziren kantuak: Habia un bombero, tilintilin tilero. Anekdota, edota autobuseko atzeko jarlekuetan tokia hartzeko nahia.
Mendiaz gozatzen genuen, eta garrantzitsuena, sarri, gurasorik gabe. Familiatik aparte, lagunartean, modu kolektiboan ikasi genuen mendiaz gozatzen. Kantuan, bokadiloa elkarbanatuz.
90. hamarkadan jaiotakoon oroitzapenak dira hauek, haurtzaroko oroitzapenak. Gure belaunaldikook, azkenak izan gintezke era honetako oroitzapenak izaten; ez baita gaur egun, Arrolarekin ume askorik ibiltzen.
Baina uste dut, ederra litzatekeela, running-aren, trekking-aren eta mountain trailaren garaian, mendiaz modu honetan gozatzea. Taldean, modu kolektiboan eta disfrutatzea helburu bakartzat hartuta.
Ez gaitezen era honetako oroitzapenak dituzten azkenak izan.
Ea beste 50 ere egiten ditugun!"