Birgaitzen planaren bigarren deialdia, abian

Maider Arregi 2022ko ira. 30a, 09:55

Martitzeneko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu du udalbatzak profil sozioekonomiko zaurgarria duten familia antzuolarren etxebizitzetan isolamendua jartzeko birgaitzen planaren bigarren deialdia martxan jartzea.

Antzuolako udalbatzak aho batez onartu du osoko bilkuran Birgaintzen ekimenaren bigarren deialdia abiarazteko proposamena. Iazko urrian gauzatu zen lehenengoz Birgaitzen plana, eta erantzun ona izan zuela azaldu du Puri Arregik, Gizarte Ongizate zinegotziak: "Lehen deialdian bost herritarrek egin zuten eskaera; horietatik lauk betetzen zituzten baldintzak eta lau haien etxebizitzetan jarri da jada isolamendu sistema. Elektrizitatearen gorakada ikusita, orain, iazko fakturekin alderatuta zer aurreztu duten ikusi beharko da, baina, dakigunez, konfortean irabazi dute, eta kontsumo berarekin etxean epelago daude".

Goizperrek, H-Eneak eta Udaleko Gizarte Ongizate Sailak Debagoiena 2030 ekimenaren baitan bideratutako plana da Birgaitzen; eta Goizper herriko enpresak bigarren deialdi honetarako ere 10.000 euroko dirulaguntza eman du.

Bete beharreko baldintzak

Birgaitzen planaren onurak jasotzeko, ordea, zenbait baldintza bete behar dira: "Etxearen jabea izatea, etxea 1980. urtea baino lehenago eraikia izatea eta profil sozioekonomiko jakin bat izatea, besteak beste. Zeren xedea baita "herri kohesionatuagoa eta inklusiboagoa" lortzea. "Guztiok elkarlanean berdintasunaren bidea egitea; dirulaguntza horren helburua da gutxien daukatenei laguntzea". Gureak-ekin hitzarmena Gureak fundazioarekin lankidetza hitzarmena onartuta geratu da. Hala, urrian herriko gazte bat Herri Eskolan hasiko da atezain eta bestelako lanetan.

Gerakina eztabaidagai

Osoko bilkuran aurreko akta onartzerako garaian, ordea, Udalaren gerakina izan dute eztabaidagai. Uztaileko aktak udal gerakina 600.000 eurokoa zela jasoa zuen, eta EAJko Basilio Ormazabal bozeramaileak desadostasuna azaldu du: "Uztailean onartutako kreditu aldaketarekin diru gabe geratu gara; gerakina, beraz, zeroan dago, eta ez 600.000 eurotan. Horregatik, planteatzen nuen lehen fasean 300.000 euroko kreditu aldaketa egitea, zeroan ez geratzeko. Beste gauza bat da bestelako sarrera eta diru- laguntza batzuk jasotzea, eta urtea gerakinarekin amaitzea". Horren harira, argudio horretan Goizperreko dirulaguntzak eta bestelako sarrerak ez daudela aintzat hartuta adierazi du alkateak; "interpretazioak" argitzeko eta "egoera erreala" jakiteko ogasun batzordera diruzainaren txostena eramango dutela esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak