Erreka garbitu dute antzuolarrek

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 23a, 14:18

20 herritar inguru bildu dira goizeko bederatzietan udaletxe aurrean, eta ondoren hasi dituzte errekatik zaborra kentzeko lanak. Bi ordu eta erdiko lanean, festetako hondakinez gain, bestelako zikinkeria ere atera dute.

Duela urte asko hasi zuten ohiturari jarraituz, Antzuolako haur nahiz helduak elkartu dira gaur goizean herria zeharkatzen duen erreka garbitzeko. Dozena bat herritar zeuden aurrez izena emanda, baina, azkenean, 21 lagunek hartu dute parte erreka garbiketan. Urtero bezala, hiru taldetan banatu dira. Batzuk Beheko auzotik hasi dira eta herriaren erdigunean amaitu dute; bigarren taldeak herrigunetik Ondarreko presaraino garbitu du, eta azken taldea, presan hasi eta Errekaldeko tartean ibili da.

Era guztietako zikinkeria jaso dute: begi bistan zeuden festetako edalontzi, ontzi, lata, kristalak nahiz botilak kendu dituzte, baina baita txatarra ere. Aurreko urtearekin alderatuta, zabor gutxiago jaso behar izan dute.

Beñardo Kortabarria Antzuolako alkatea ere bertan izan da, eta herrian txukun ibiltzeko deia egin die antzuolarrei. Adierazi du bakoitzak bere ohiturak dituela, baina hala eta guztiz ere azpimarratu du herritarrei ingurumena zaintzea egokitzen zaiela eta norberak bere herria zaintzen ez badu, ez duela beste inork zainduko.

Jaiegunak tartean, bildutako zabor guztia asteartean sailkatuko dute udaletxeko brigadako langileek eta eurak arduratuko dira jasotako guztia Garbigunera eramateaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak