Txistulariak herrietako festetako paisaiaren parte izan ohi dira, eta Antzuolan beteko dute eginkizun hori, beste urte betez. Alborada txistulari taldea arduratuko da txistuaren soinua jaietan presente egoteaz.
Jaietako lehen egunean, eguenean, ohiko kalejira eskainiko dute, 18:00etan. Baina aurten, aurrez ez bezala, Bergarako erraldoiekin batera izango da lana; buruhandiak ere lagun izango dituzte.
Erraldoiak trikitilariek ordezkatuko dituzte ostera; kalejiran jarraituko dute, ordea, trikiti soinuekin, 19:00etan.
Txistularien diana
Txistu jotzaileek lanen bat izaten badute jaietan, diana jotzea izaten da, eta Antzuolako jaietan egubakoitzean esnatuko dituzte antzuolarrak Alborada taldekoek, goizeko hamarretan.
Zapatuari begira jarrita, ordu berean aterako dira txistulariak, lo daudenak esnatzeko edo etxeratu ez direnak laguntzeko. Garrantziari lotuta, ordea, egun inportantea izango da.
Izan ere, herriko bandak kalejira eta kontzertua eskainiko ditu, 11:30ean eta 12:30ean, hurrenez hurren. Baina txistulariek kontzertuan parte hartuko dute, Arrola mendi taldearen ereserkia bandarekin batera jotzen. 50. urteurrena ospatzen ari da taldea eta horren harira konposatu du abestia Jose Ramon Vitoria konpositoreak. Hala ere, bada mendizaleak eta txistulariak elkartzen dituen pertsona bat: Jose Inazio Jauregi Bittori. Bai Arrola mendi taldearen, bai Alborada txistulari taldearen sortzaileetako bat izan zen Jauregi.
Ereserkia, estreinakoz, txistulariek jo zuten 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian. "Ikaragarrizko ereserkia da, erraza kantatzeko, eta erritmo bizia du. Hitzetan, guretzat oinarri diren gauza garrantzitsuenak ditu: natura, herria eta poza, esaterako", argitu zuen Arbuluk, Alboradako zuzendariak, urteurreneko festan. Oraingoan, bandarekin batera joko dute.
Jaietako egitarauarekin jarraituta, herriko Alardean musika jarriko dute txistulariek.