2019a ezkero, antzuolarrek ezin izan dute Mairuaren Alardeaz gozatu. Aurten bai, aurten osagai guztiekin itzuliko da, Oinarin taldeko herriko dantzarien ekarpena barne.
Gogotsu al zaudete?
Kontuan hartuta orain gutxi hasi ginela pandemia aurreko dinamikara bueltatzen, zapatukoa ekitaldi garrantzitsua izango da guretzat. Sanjuanetan egin genuen saio informal bat, baina Alardekoa desberdina izango da; nabari dugu presio puntu bat, jende asko erakartzen duen saioa da eta.
Nola eraman dituzue bi urteok?
Inflexio puntu bat bizi izan dugu, geldi egon behar izan dugulako. Zaila izan da jendea dantzara berriz erakartzea, hau ez baita futbola bezalakoa. Orain, fokua 16 urteren bueltan dabiltzan dantzariengan jarri dugu. Nagusien talderako jauzia egin dezaten dantzak irakasten ari gatzaizkie.
Irakasleen ezkutuko lana garrantzitsua izango da.
Haiek dira Oinarinen eboluziorako giltza. Jadanik dantzaldietan parte hartzen ez duten arren, ezinbestekoak dira dantza taldean. Nolabait esatearren, eurak gabe gu ez ginateke dantzari izango, eta, era berean, gaur egun ez legoke ikasteko aukerarik.
Alardean Antzuolako dantza propioak aterako dituzue kalera.
Alardearen desfilea 19:00etan hasiko da, eta buelta pare bat emango ditu herrian. Ohi bezala, tarte horretan bost dantza mota egingo ditugu, zortzikoa da bat, eta trokeo dantzen multzoan sartzen direnak beste laurak; makil txiki, makil haundi, arku dantza eta zinta dantza.
Zeintzuk dira desberdintasunak?
Zortzikoan hanka jokoak bereganatzen du pisua, eta trokeo dantzetan eskuetan darabiltzagun tresnek. Izenek iradokitzen duten moduan, makilak, arkuak eta zintak erabiltzen ditugu. Bestalde, zortzikoan ez dago kapitainik; trokeo dantzetan, ostera, bai. Garai batean, generotan zeuden banatuta. Emakumezkoek egiten zuten zortzikoa, eta gizonezkoek trokeo dantzak. Alardean azken hauek bakarrik parte hartzen zutenez, urte batean erabaki zen zortzikoa ere sartzea, emakumeen presentzia bermatzeko. Handik aurrera, gizon zein emakume, denok dantzatzen hasi ginen, bai zortzikoa eta bai trokeo dantzak. Horri lotuta, esan behar da aurtengo trokeo dantzetako kapitaina emakume bat izango dela.
Urtean zehar, ze beste ekintzatan hartzen duzue parte?
Orokorrean, bailarako dantzari egunean, Aratusteetako sorgin dantzan, sanjuanetan eta jaietan. Azken Dantzari Egunean, nagusietatik 40-50 lagunek parte hartu genuen. Jaietakoa da garrantzitsuena, zalantza gabe.