Datorren ostiral goizetik hasita ariko dira festazaleak jaietako ekintzetan parte hartzen, txistularien goizeresiarekin esnatu eta gastronomia lehiaketara plater goxoa prestatzeko gogoz. Goizeko hamaiketan, Kalebarrenen egingo dute aurten hitzordua, ezinbesteko osagaia hanburgesa izanik, haragizkoa, begetala edo beganoa. Nahi den erara egindako errezetei 13:00etan jarriko diete nota epaimahaikideek, eta, ordu laurden geroago, herritarrek dastatu ahal izango dituzte. Ekitaldian goian adierazitako bi bideetatik eman daiteke izena –bizpahiru laguneko taldeak osatu behar dira parte hartzeko–.
Bien bitartean, haurrak izerditzen eta guzti arituko dira eskolako patioko eta Herriko Plazako jolas parkeetan, baina ziur bazkalorduan indarrak hartu eta arratsaldean berriro itzuliko zaiela dibertitzeko gogoa.
Barrez lehertzera
Kalebarrengo herri bazkariko otordua, haurrentzat ez ezik, gazte zein helduentzat ere aproposa izango da, arratsaldera begira behar den bezala egoteko. Izan ere, arratsaldeko seietatik aurrera taldekako jolasetan primeran pasatzeko aukera izango dute kuadrillek. Aurten, Bizkaiko Leaktibai enpresa arduratuko da jokoak antolatzeaz.
Bertako langile Julen Hernandok adierazi du lau begirale etorriko direla "pentsatzeko eta barrez lehertzeko" jokoak antolatzera. Ez du zehaztasunetan sartu nahi izan, partaideak "sorpresaz" harrapatzea delako dibertsioa ziurtatzeko faktoreetako bat. Hori bai, El conquistador del fin del mundo abenturazko reality-aren antza duten proba batzuk egongo direla aurreratu du.
Ondo pasatzeko saioaren iraupena parte hartzera animatzen diren kuadrillen araberakoa izango da: "Ez baita berdina lau edo zortzi talderentzako probak antolatzea". Horren harira, aurreko astean zehar ez da izen-ematean mugimendu handirik izan, baina, Hernandoren hitzetan, litekeena da talde asko "azken unean" apuntatzea. Horrek ez dio mesede handirik egiten jokoak prestatzen ari direnei, baina ohituta daude azken orduko aldaketetara, eta ziur daude ez duela oztopo handirik ekarriko: "Zenbat eta partaide gehiago, orduan eta handiagoa izango da elkarren arteko pikea", azaldu du Hernandok.
Leaktibaiko langileak lehen aldiz izango dira Antzuolako jaietan kuadrillen arteko jokoak kudeatzen. Hala ere, esperientzia handia dute jaien bueltako ekitaldietan: "Gure espezialitatea ingurune naturaletan irteerak antolatzea da, baina zazpi urte daramatzagu herriko festetan ginkanak egiten; egia esan, jendeak ondo baino hobeto pasatzen du halakoetan". Garaiotan udaletatik jasotzen dituzten eskaerak igo egin direla gaineratu du Hernandok.