Kanoiak berriro sutzeko gertu

Maider Arregi 2022ko uzt. 13a, 09:00

Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, "ilusioz, eta gogotsu" ospatuko dute uztailaren 16an Mairuaren alardea. 180 herritar inguruk parte hartuko dute.

Bi urteren ostean, Mairuaren Alardea uztailaren 16an, zapatua, ospatuko da. Pandemiak eragindako etenaldi zailaren ostean, berriro "ilusioz" ekin dietela Alardea plazan ikusteko lanei aitortu dio Pilar Etxaniz Alardearen Elkarteko kideak GOIENAri: "Alde batetik, esan beharra daukagu aldapan gora egiten dela Alardea berregitea. Baina, bestalde, ilusioz hartu dugu berriro normaltasunez Alardea Herriko Plazan ikustearen aukera. Hortaz, uste dugu aurtengo Alardea duintasunez irtengo dela, zeren, zentzu horretan, jende berria hurbil dadin lan egin baitugu; eta lortu dugu belaunaldi berrien parte hartzea. Hala, aurten ere polita izango dela uste dugu".

Alardearen sozializazioa

Nahiz eta 2019. urtean ospatu azken Mairuaren Alardea, elkartetik saiatu dira herrian Alardearen oroimena bizirik mantentzen azken urteotan; horretarako, 2020an eta 2021ean Alarde egunerako bideotxoak kaleratzeaz gain, Herriko Pla- zan kanoiak sutu zituzten, keinu gisa. Lourdes Odriozolak, berriz, ikerketa historikoa jasotzen duen lana egin du, eta aurkeztu ere egin dute Antzuolako Udalarekin batera. Gainera, Alardearen komunitate eta kultura balioa irudikatzen duen horma-irudia egin dute elkarlanean Jone Larrañaga Gorritxo eta Oier Peñagarikano antzuolarrekin. Elkarteko kideak Alardearen izaera presente egon dadin urte osoan saiatzen dira, alegia. "Alardearen elkarteko lana ez da jaietako zapatuan ikusten den Alardearen eguneko errepresentazioa ikustea eta antolatzea soilik. Baita beste hainbat ekintza ere; batez ere, Alardea ezagutzera emateko eta sozializatzeko zein haren balioa transmititzeko egiten direnak. Esaterako, Xabier Sagasta ilustratzailea egiten ari den komikia".

Nabarmendu dute Alardea  herri osoaren adierazpen kulturala dela, tradizioz datorrena eta egungo balioetara egokitu dena. "Berezia da, alde batetik, halako ezaugarririk ez dutelako beste alardeek. Horregatik, aberastasun horri eusteko herritarren parte hartzea nahitaezkoa da".

Aurten, gainera, sketchrawal deritzon marrazki ekimena egingo dute. Hau da, Alardea gertatzen ari den unean bertan, margolariek Alardea margotu eta ilustratuko dute, 19:00etan hasita.

Komikia

Alardearen gizarteratze prozesuan, aipatu berri moduan, beste urrats bat egin du elkarteak, eta Xabier Sagasta ilustratzailearekin komikia egiten hasiak direla aurreratu dute. Hala, urte hasieratik dihardute komikiak zein eduki eta hizkuntza izango duen eta grafikoki zein forma izango duen adosten. "Mairuaren batailaren mitoan oinarritzea bazen ere komikiaren lehen zatiko planteamendua, gaian sakontzerakoan interesgarria iruditu zait Alardearen sustrai historikoak labur azaltzea, eta historian zehar izandako alarde mota ezberdinak erakustea komikiaren bitartez. Antzuola oraindik Antzuola ere ez zenean, Uzarraga bezala Bergarari anexionatuta zegoeneko erreferentzia egitea, alegia", azaldu du Xabier Sagasta ilustratzaileak.

Modu horretan, ondorengo aurrekari historikoak jasoko ditu komikiak: lehenik, 1484. urtetik 1665. urtera bitartekoa, Alardea Bergaran ospatzen zutenekoa, eta, era berean, Uzarragako eta ondoren Antzuola izango zeneko herritarrak baserrian zeuzkaten armak soinean zeramatzatela Bergarara joan behar izaten zutenekoa, hain zuzen ere. "Sasoi hartan, egun batzuetarako baserritarrendako esfortzu handia zen Bergarara joatea urtean behin zerbitzu hori eskaintzeko. Erakutsi nahi dut komikian modu laburrean nola lortzen duten Antzuolara ekartzea Alardea. Izan ere, Foruen Legeari esker, herrian bertan soldaduska egiteko aukera zuten euskal herritarrek".

Bigarrenik, 1665. urtetik 1774. urtera bitartean, Antzuolan ospatutako alardeak jasoko ditu. Hau da, arma erakustaldiei eta herrian zeuden armen inbentario moduko bati egingo zaie erreferentzia. "Armen inbentarioa dela eta, urtero horrelako desfileak edo erakustaldiak egiten hasi ziren". Hirugarrenik, 1876tik 1879ra bitartean, lehen Alarde folklorikoak islatuko dira komikian. Eta azkenik, 1880an egindako Mairuaren Alardea.

Antzuolako baserria

Horren guztiaren bitartez, komikiak du xede Antzuolako paisaia eta baserria erakustea. "Komikiaren hasieran zerbait familiarragoa nahi nuen aipatu, eta ez bataila epiko bat. Alardeak daukan ibilbidea eta helburua, hain zuzen ere, herritartasunarekin lotuagoa baitago eta herriari begira dago. Ez, aldiz, gertakizun epiko bati nahiz mairuaren aurkako borrokaldiari. Azpimarratutako hori Alardearen identitatearen parte ere baita. Laburtuz, lehen zatian, festa bat izatera iritsi zen artean, zein ibilbide eta prozesu izan duen Alardeak kontatu nahi dut".

Ilustrazioari dagokionez, benetako kontakizuna modu tradizionalean eta figuratiboan marraztuta dago. Mitoa aipatzen denean, ordea, ilustrazio lana abstraktuagoa izango dela dio Sagastak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak