Jantziei bigarren bizitza emateko egitasmoa

Maider Arregi 2022ko uzt. 1a, 09:00

Andramamuelak emakume taldeak eta Anelkar elkarteak elkarlanean bigarren eskuko arropa azoka antolatzen dihardute. Uztailaren 13an eta 23an herritarren arropa bilduko dute Olaranen; eta irailaren 24n, berriz, azoka egingo dute.

Oihalaren industriak sortzen dituen albo-kalteez jakitun eta egun gizarteak industria honen aurrean dituen erronkak aintzat hartuta, Antzuolako Anelkar elkarteak eta Andramanuelak emakume taldeak indarrak batu dituzte. Hala, tokiko ikuspegitik, industria horren ondorioei erantzuna eman nahian bigarren eskuko arropa azoka egitearen aldeko hautua egin dute.

Adramanuelak taldeko kide Onintza Legorburuk bigarren eskuko arropa saltzeko azoka egitearen ideia nola jaio zen azaldu du: "Erabiltzen ez genituen arropei bigarren aukera bat emateaz hausnartzen genbiltzala sortu zen geure artean azoka egitearen ekimena. Geure artean arropa trukatzearen aukerez jardutean, eta hori ardatz hartuta, erabaki genuen herrira ekimena zabaltzea Anelkarrekin batera".

Egungo gizarteak, gu geu barne, arropa asko pilatzen du ar- mairuan eta horietako asko, gainera, erabiltzen ez direnak edo ditugunak dira; armairuak arropaz beteta ditugu", gaineratu du taldekide Alazne Jauregik.

Kontsumismoa eta ingurugiroa

Andramanuelak taldeko kideek aitortu dute arropari bigarren bizitza ematearen aldeko azoka egitearen arrazoi nagusiak direla, besteak beste, egungo ekoizpen eredua, kontsumo neurrigabea, jasangarritasuna eta ingurumenari egiten zaion kal-ea: "Gaur egun kontsumitzen ditugun arropak herrialde pobreetan egiten dira, eta, gainera, emakumeek eta haurrek ekoizten dituzte, baldintza negargarrietan. Horregatik batu gara ekimen hau aurrera ateratzeko Anelkar elkartearekin". Izan ere, bi elkarteak kontziente dira oihalaren industria munduko industria kutsatzaileenen artean dagoela. "Ekoizten den arropa bolumena medio, izugarrizko kutsadura sortzen duen industria da; gainera, arropak direla eta ez direla, herrialde pobreetan sekulako zabortegiak ditugu sortuta".

Arropa bilketa

Azoka prestatzen joateko asmoz, lehen arropa bilketa uztailaren 13an, eguaztena, egingo dute, Olaran etxean, 17:30etik aurrera. "Asmoa da egoera onean dauden eta herritarrek erabiltzen ez dituzten jantziak batzea azokan saltzeko". Hilaren 23an, zapatua, berriz, goizeko hamaiketatik aurrera eraman ahalko dute herritarrek euren arropa Olaranen jarriko duten gunera.

Azoka, irailean

Irailaren 24an egingo dute bigarren eskuko azoka, eta bertan batuko den dirua Anelkarrek dituen hiru proiektu bultzatzeko eta sustatzeko erabiliko da –Saharako, Kongoko eta Senegalgoak, hurrenez hurren–. "Uztailean arropak batu eta sailkatu egingo ditugu. Ondoren, prezio bat jarriko zaie eta antolatu egingo ditugu azokan saltzeko gertu izan ditzagun". Arropa salmentaz gain, truke azoka ere jarriko dutela aurreratu du Legorburuk: "Trukearen filosofiak ere gune bat izatea presente gurako genuke azokan; eta horregatik, haurrek trukean jardun dezaten, jostailuen gunea jarriko dugu. Hori egunean bertan egingo da. Hau da, erabiltzen ez dituzten jostailuak egunean bertan eraman ahalko dituzte, eta ondoren trukean aritu", nabarmendu dute Andramanuelak emakume taldeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak