Terrazen ordenantza berritua onartu dute ezohiko bilkuran

Maider Arregi 2022ko eka. 22a, 13:24

Antzuolako terrazen ordenantza 2008koa da; eta egun, alarma egoera amaituta, "orekan eta bizikidetzan" oinarritutako ordenantza berria onartu dute martitzenean egindako ezohiko osoko bilkuran. Interesa dutenek lizentzia eskaera egin beharko dute.

Pandemia ostean, terrazen ordenantza egokitzea onartu du EH Bilduk. "Alarma egoera amaituta, ordenantza errepasatu dugu egungo egoerara egokitzeko. Oreka bilatzen saiatu gara, lotarako zein kalean ibiltzeko eskubidea aintzat hartuta. Taberna bakoitzak hartzen duen espazioa ere kontuan izan dugu", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Hala, astean zehar 22:30ak arte –pintxopotea 23:00ak– luzatuko da ordutegia; egubakoitz eta zapatuan, berriz, 00:00ak arte. Gainera, ezingo da terraza erakusleiho edota atarien aurrean jarri, eta lizentzia eskatu beharko da. Eskatzaileek udalarekin ezingo dute zorrik izan, eta isunek %10eko igoera izango dute. EAJ abstenitu egin da "aldaketaren diagnosia eta herritarren bizimoduak izango duen afekzioa" ez dakarrelako jasota proposamenak. Ildo beretik, aurka bozkatu du alderdi sozialistak.

Eraso matxista gabeko jaiak

EAJk aurkeztuta, Gipuzkoa emakumeen aurkako sexu indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko mozioa aho batez onartu dute. "Emakunderen gidarekin, adituekin eta udal ordezkaritza zabal baten –berdintasun teknikariekin ere– parte hartzearekin osatutako testua da. Prebentzioan, biktimari eskaini beharreko arretan eta erantzun publikoan oinarritzen da adierazpen hau", azaldu du Miren Elgarresta zinegotzi jeltzaleak.

Frontoi txikiko lanak

Frontoi bidea kalean, Olaran alboan, dagoen pilotaleku txikia estaliko dute. Horretarako, ordea, aho batez onartu dute kreditu aldaketa. "Goizperrek 58.650 euroko dirulaguntzarekin babestuko duela proiektua adostu dugu; hala, diru hori baliatuz eta guk jarriko dugunarekin, estaliko dugu pilotalekua. Guztira, beraz, 90.000 euroko kostua izango duen proiektua lehiaketara aterako dugu", argitu du alkateak.

Nabarralderen mozioa

Bi ikur herri bakarra Nabarralderen mozioa EH Bilduren botoekin onartu da, eta, hala, plazan, Ikurriñaren alboan jarriko dute Nafarroakoa ere. "Zergatik ez gogoratu geure historia? 1200ean, bortxaz konkistatu artean, antzuolarrok ere nafar estatuaren baitan ginela?", dio mozioak.

Alderdi sozialistak eta EAJk aurkako botoa eman dute. "Euskal lurraldetasun nazionalaren aldetik herri honek bandera bakarra dauka, Ikurriña, 1977an onartu genuena diktadorea hil ostean. Herri bat eta ikur bat dugula deritzogu guk", dio Aitor Urrutia jeltzaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak