Katxalinekoen bisita Eguneko Zentroan

Maider Arregi 2022ko eka. 17a, 09:00
Katxalin elkarteko kideak Antzuolako Eguneko Zentroko egoiliarrekin. B.G.

Minbizia izan eta gainditu dutenen istorioak ezagutzeko aukera bertatik bertara izan dute Antzuolako Eguneko Zentroko egoiliarrek. Modu oso natural eta aberasgarrian bizi izan dutela diote. Udal ordekari gisa Beñardo Kortabarria alkatea ere egon da.

Katxalin elkarteko kideak Antzuolako Eguneko Zentroko egoiliarrekin izan berri dira. Zentroko zuzendari Bea Guelbenzuk bisita zoragarria izan zela aitortu du. "Elkarteko kideak primerakoak dira. Bizi izandako egoera latza ikuspegi objektibo batetik kontatzen dute, oso modu naturalean, positiboan zein errealean. Bizitasuna transmititu diete eguneko zentroko egoiliarrei eta bertan lan egiten dugun guztioi. Egia esan, itzela izan da euren bizipenak bertatik bertara jasotzea", gaineratu du Guelbenzuk.

Istorio propioak

Bea Guelbenzuk kontatu du egoiliarren artean ere badirela minbizia gainditu dutenak, eta bizipenak partekatu dituztela. "Oso hunkigarria izan da ikustea nola partekatu dituzten euren istorio pertsonalak. Gaixotasuna gainditu izana eta egunerokoa nola bizi duten gaur egun, hori modu oso naturalean kontatu dute; oso polita izan da. Min bortitz hori eta bizipena nola kanalizatu duten ikustea ikaragarria izan da; babes taldea zentroan topatu dutela ere ba- diote egoiliarrek".

Opari eta guzti

Katxalin elkartekoak ez dira, gainera, esku hutsik etorri. Hala, eurek jositako eta egindako zorrotxoak oparitu dizkietela kontatu du zuzendariak: "Aulkian eskegita jartzeko zorrotxoak ekarri dizkiete. Hala, zorrotxo horietan betaurrekoak zein karpeta bat ere sartzeko aukera dute esertzerakoan. Egoiliar bakoitzari bana eman diote opari; asko gustatu zaie, oso praktikoa da-eta. Horrez gain, bihotz formako bi kuxin ere ekarri dizkigute. Kuxin horiek, zehazki, haiek erabiltzen dituzte besapean jartzeko eta besoa bularraldetik babesteko. Helburua da errehabilitazioa egiten ari direnean bularra eta besoa banantzea. Guretzako oso baliagarria da, gainera, euskarri gisa ere erabiltzen dute-eta egoiliarrek".

Formazio saioa

Era berean, Katxalinek minbiziaren diagnosi bat haurrei nola kontatu behar zaien jasotzen duen ipuin bat ere badauka egina; eta Eguneko Zentroaren asmoa da, hain justu ere, ipuin hori egoiliarren artean partekatzea laster. "Katxalinekoak etorriko dira berriro, eta ipuin hori kontatuko digute; hala, egoiliarren baten alaba edo tarteko bati gertutik tokatuz gero, egoerari aurre egiteko baliabideak izango lituzke, bereziki haurrak dauden familietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak