Atletismoaren historia ez ezik, sokatirarena eta saskibaloiarena ere kontatu gura izan ditu Garitanok, baina esan behar da protagonista nagusia atletismoa dela. Goizean aurkeztu ditu Torresoroan erakusketaren nondik norakoak eta, baita, argazkiak eta bideo testigantzak jasotzen dituen bloga ere –antzuolarronondarea.blogspot.com–. Aurkezpenean batu dira urte horietan taldean aritutako herritar asko eta asko.
Atletismoko taldearen ardura izan duen hogeitaka urteetan 134.000 kilometrotik gora egin dituzte joan-etorritan, "munduari 3 bira baino gehiago", azaldu du Garitanok. Hain zuzen ere, hori da erakusketan bertan nabarmen ipini duten datuetako bat. Beste bat, urtean, boluntario, taldeari eskainitako orduak. "1.000 ordu eskaintzen genizkion atletismoari urtean bakoitzak. Hiru lagun aritzen ginen bereziki". Garitanok, halere, urte horietan guztietan gurasoek egindako lana ere goraipatu du. "Talde bat ginen eta gurasoek sekulako lana egin dute neska-mutikoak txapelketetara hara eta hona eramaterakoan".
Erakusketara ekartzeko, ez du lan makala izan Garitanok argazkiak, egunkarietako errekorteak eta abar jasotzen. Gero, Nagore Igarza diseinatzaile antzuolarrak izan du dena ordenatu eta forma emateko ardura. "Material dena jaso nuenean oso polita iruditu zitzaidan nola argazkiek, esaterako, denboran bidaia bat egiteko aukera eskaintzen duten. Garai bateko jantziak, garai bateko kaleak...", azaldu du Igarzak. Ez hori bakarrik, nabarmendu baitu Garitanok urteetan koadernoetan jasotako informazio guztia zein txukun eginda zegoen. "Bidaia guztiak apuntatzen zituen, kilometroak, irabazleen izenak, denborak... dena txukun-txukun", gaineratu du.
Esan moduan, atletismoaren, sokatiraren eta saskibaloiaren historia jasotzen dituen erakusketa Olaranen egongo da ikusgai oraingo asteburuan eta datorrenean. 18:00retatik 20:00retara egongo da zabalik.
Errekorra gainditzeko saiakera, bihar
Bestetik, bihar goizean, Jose Inazio Garitanok berak duen errekor bat gainditzeko saiakera egingo dute herrian. Hain zuzen ere, 1955ean, 34 minutu eta 46 segundo behar izan zituen atleta antzuolarrak Gorlarako bidea igo eta jaisteko. Marka ontzeko desafioan izango dira bihar, Ibai Larrea eta Ion Iturbe.