Atletismoaren ondarea aurkeztuko dute bihar Torresoroan

Maider Arregi 2022ko mai. 20a, 09:00

Jose Inazio Garitanok gertu zuen herriko atletismoaren historia kontatzeko aurkezpen-saioa. Konfinamenduak, ordea, dena eten zuen orduan. Hala, bihar, testigantza-bloga eta erakusketa aurkeztuko ditu, 11:00etan, Torreosoroan.

Pandemiak bi urtez atzeratu bazuen ere, azkenik, Antzuolako atletismoaren historia izeneko aurkezpena egingo du bihar Jose Inazio Garitanok. Atletismoak, saskibaloiak eta sokatirak herrian izan duten garrantziaz jardungo du. Gainera, argazkiak eta bideo testigantzak jasotzen dituen bloga ere aurkeztuko du.

"1961ean hasi ginen atletismoan, eskolan. Diziplina asko lantzen genituen eta herriz herri ere egiten genituen txapelketak. Ondo moldatzen ginen, gainera"; horrela gogoratu ditu hastapenak Garitanok. Lagun taldea Danobat elkartean batzen zen eta tertulia giroan eta Donostiako lehen maratoia egiteko ideia bertatik jaio zela dio. "Bi hilabeteko prestakuntzarekin soilik, hamar bat lagunek parte hartu genuen eta denok bukatu genuen. Orduan erabaki genuen gaztetxoen artean kirola zabaltzea Antzuolan. Auzoetako jaietan hasi ginen challenge-ak egiten. Ondoren, eskolako haurren aisialdia betetzeko asmoz, proposamena egin genien eskolako irakasleei eta astean hiru egunez egiten genuen kirola. Tarteka, gurasoak ere etortzen ziren; 90 lagun elkartzera iritsi ginen, pentsa! Hiru ginen bultzatzaileak: Jose Mari Igarza, Luken Beistegi eta ni neu. Entrenatzaile titulua ere atera genuen".

Bizitakoak, eta musu-truk emandakoak, merezi izan duela aitortu dio GOIENAri Garitanok. Gainera, atletismoa bai, baina Antzuolan sokatirak eta saskibaloiak ere izan dituztela jarraitzaileak azaldu du: "Sokatiran 1977an hasi ginen eta desafioa ere egin genuen: baserritarrak kaletarren aurka. Eta baserritarrek irabazi zuten. Baina berehala konturatu ginen indarrak batu behar genituela eta elkarrekin taldea osatu. 25 laguneko bi talde osatu genituen. Espainiako txapelketan bigarren postua eta EHkoa irabaztea lortu genuen".

Antzuolan  saskibaloiak ere izan ditute jarraitzaileak. "Sasoi hartan, saskibaloia ez zen oso ezaguna; gogoan dut astebeterako gurekin izan genuela Segundo Azpiazu, 2,10 metroko mutila. Orduan bai izaten genituela saskiratzeak".

Erakusketa

Biharko solasaldiaren ostean, erakusketa izango da ikusgai Olaranen. Gainera, hurrengo bi asteburuetan bisitatzeko aukera izango da, arratsaldez.

Erronka

Domekan, berriz, Garitanok Gorlako igoeran jarrita duen errekorra gainditzen saiatzeko lasterketa egingo da, 11:30ean, plazan. Izan ere, 1955ean, 34 minutu eta 46 segundo behar izan zituen atleta antzuolarrak plazatik abiatuta Gorlara bidea igo eta jaisteko. Hala, marka ontzeko desafioan parte hartzeko dei egin du. "Oraingoz, Ibai Larrearen eta Ion Iturberen parte hartzea dugu konfirmatuta; ea gehiago animatzen diren". 2018ko ekainaren 2an, bi minutu eta 17 segundora geratu zen, esaterako, Aimar Larrea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak