Komikia, Mairuaren Alardea gizarteratzeko

Maider Arregi 2022ko mai. 14a, 09:00

Azkenengoz 2019an ospatu bazen ere Mairuaren Alardea, elkarteak sozializazio lanean jarraitzen du alardearen komunitateari balioa ematen dioten ekintzen bitartez. Hala, Xabier Sagasta ilustratzailearekin elkarlanean komiki bat gertatzen hasiak dira.

Bi urteren ostean, Mairuaren Alardea uztailaren 16an egingo dela iragarri berri du Alardearen Elkarteak. Bien bitartean, hainbat ekintza ere garatu dituzte: "Nahiz eta 2019. urtean ospatu azken Alardea, elkartetik saiatu gara herrian Alardearen oroimena bizirik mantentzen; horretarako, 2020an eta 2021ean Alarde egunerako bideotxoak kaleratzeaz gain, Herriko Plazan kanoiak sutu genituen, keinu gisa. Lourdes Odriozolak, berriz, ikerketa historikoa jasotzen duen lana egin du, eta aurkeztu ere egin dugu Udalarekin batera. Gainera, Alardearen komunitate eta kultura balioa irudikatzen duen horma-irudia egin dugu elkarlanean Jone Larrañaga Gorritxo eta Oier Peñagarikanorekin".

Alardearen sozializazioa

Alardearen gizarteratze prozesuan, baina, beste urrats bat egin du elkarteak, eta Xabier Sagasta ilustratzailearekin komikia egiten hasiak direla aurreratu dute. Hala, urte hasieratik dihardute komikiak zein hizkuntza izango duen eta grafikoki zein forma edukiko duen adosten. "Nahiak eta desirak zeintzuk diren erabakitzen gabiltza orain, eta horren arabera komikiari forma emango diogu. Elkarteak helburuak baditu finkatuta, eta komikiaren forma eta luzera definitzen gabiltza, alegia", dio Sagastak. Ezohikoa eta grafikoki interesgarria izango dela dio. "Alardeak errealitate konplexua du, eta, horren baitan, hiru ataletan banatuta gai ezberdinak identifikatu ditugu".

Modu horretan, publikazio bakar batean hiru hizkuntza grafiko ezberdin izango duten hiru bloke jasoko ditu komikiak. Batetik, historia eta mitoa jasotzen ditu. Hau da, Alardearen historia denboran zehar, tradizio-mitoz jantzitakoa, nola bilakatzen den azalduko du. "Hor nahasten dira istorioa, gertatu zirenak eta mitoa. Alardearen sustraiak, hain zuzen ere".

Bestetik, Antzuolako egunerokotasuna jasotzen du. Nola prestatzen den Alardea edota Alardearekiko interesa dutenek nahiz interesik ez dutenek nolako elkarrizketak dituzten, adibidez. "Hedapenean eta transmisioan eragitea ez ezik, narrazio interesgarri bat bilatzea ere bada helburua. Edonork irakurri dezakeen zerbait sortu nahi dugu, eta eztabaidarako tresna izatea. Pentsamolde ezberdinen arteko harremanetan du oinarria atal honek; zehazki, pertsona bakoitzaren ikuspuntutik Alardea nola ulertzen den eta Alardeaz zer espero duen".

Hirugarrenik, eta azkenik, Alardea gaur egun nola antzez- ten den eta zein forma duen adieraziko da komikiaren bitartez. "Nola gauzatzen den Alardea, zein eszenografia duen, daramatzaten koloreak eta jantziak... Alardearen gaur egungo interpretazioa eta herrian hartzen duen presentzia kontatzea da asmoa. "Komikiaren konposizio ezberdinen bitartez, janzkeraren detaileak eta herritarren ikuspegi orokorra jasoko dira, besteak beste. Diseinura bideratuagoa egongo da azken atal hau".

Parte hartzeko deia

Aurten Alardea ospatzeko osasun baldintzak hobeagoak badira ere, elkarteak sumatzen du pandemiak eragina izan duela herritarren ohituran eta gogoan. "Orain arte Alardean parte hartu dutenak bereziki animatu nahi ditugu, eta, nola ez, herritar berriak ere bai. Garrantzizkoa da auzolana eta bizitza komunitarioa berreskuratzea eta antzuolar guztien ondarea den Alardea indartzea". Horretarako, izena eman daiteke udaletxean, info@antzuolakoalardea.eus helbidera mezua bidalita edo Alardeko kideren bati jakinarazita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak