'Irinmodo': hamarkada bat herriko ondarea batzen eta transmititzen

Maider Arregi 2022ko api. 9a, 10:00

Eskolako haurrak Iñigo Ramirez de Okarizekin udal artxiboan.

2012ko abuztuaren 2an argitaratu zuen Iñigo Ramirez de Okariz historialariak lehen artikulua Irinmodo blogean. Uzarragako erretaularen inguruko artikulua izan zen lehena. Hamarkada bat igaro ostean, blogak hasierako loraldiari eusten dio.

Blogek benetako loraldia bizi zuten unean jaio zen Irinmodo: 2012ko abuztuaren 2an. Helburu argia izan du beti Iñigo Ramirez de Okarizek: "Antzuolako historia, natura eta kultura ondarearen transmisioa erraztea izan dut xede. Maiz, historialariok gure lana dibulgatzeko zailtasunak izaten ditugu, eta hori guztia sozializatzeko bloga tresna egokia dela deritzot. Etxean askotariko dokumentuak nituen eta modu ordenatuan jartzeko era ere bazela iruditu zitzaidan; eta halaxe animatu nintzen eta erantzun oso ona izan zuen". Herri baten historia jasotzen du blogak, eta sekulako altxorra Antzuolako herriarendako. "Bailaran Joxe Mari Velez de Mendizabalek eta biok elikatzen ditugu blogak gure herrien historiekin. Hark ere 2011 bueltan sortu zuen bloga gure natura eta kultura ondarean ereiteko asmoz".

Irinmodo: izena eta izana

Ikerlari antzuolarrak azaldu du blogaren izenaren jatorria: "Irinmodo da Antzuolari buruz azaltzen den lehenengo toponimia. Oñatiko kondearen dokumentuan agertzen da, eta izen sinbolikoa izan zitekeela pentsatu nuen".

Sozializazio prozesua

2019an, 500. artikulua argitaratu eta horren bueltan lehiaketa antolatu zuen Iñigo Ramirez de Okarizek: "500. artikulua aitzakia, blogaren sozializazio prozesuari ekin nion. Izan ere, ez nintzen kontziente herritarrak bloga edozein kontsulta egiteko eskura zuten jakitun ba ote ziren. Hala, galdera sortak planteatzen nituen eta asmatzen zutenen artean Antzuolaren inguruko liburuak zozketatzen nituen. Nolabaiteko inpaktua lortu zela esango nuke".

Euskararen aldeko hautua

Bloga euskara hutsean idaztea argi izan du beti: "Euskarak zenbait muga jarri dizkio. Hedapena mugatu egin du, batetik, Antzuolari dagokion edukia jaso duelako, eta, bestetik, euskaraz idatzi dudalako. Hori bisitetan, noski, islatu da. Ez dira asko, baina direnak oso fidelak eta onak dira". Gaineratu du informazioa bilatzeko lanak herritarrekin harremantzeko bidea ere eman diola. Herriko artxiboan ez ezik, auzolanean herritarrekin ere elkartu baita. Blogak bideoak eta argazkiak ditu, eta, hain zuzen ere, ikus-entzunezko alderdi horrek ematen dio gertutasuna eta balio erantsia.

Erabiltzaileetako bat da Anastasi Gabilondo: "Gai baten bueltan kontsulta zehatza egiteko sartzen naiz; edo nobedaderen bat badago. Ikaragarria da halako aukera izatea herriarendako. Luxua da ondo landutako eduki kontrastatuak izatea eskura". Gizartean sareko eduki arina eta azkarra gailendu bada ere, historialariak argi du blogarekin jarraituko duela: "Jasotzen ditudan dokumentu eta oroitzapenak sarean partekatuko ditut, eta ez etxeko armairuan gorde".

Uzarragako erretaula, lehena

Irinmodo blogean argitaratutako lehen artikulua Uzarragako erretaularen gainekoa izan zen. "Leku esanguratsua da niretzako; lotura emozional handikoa, eta Uzarragaren historia berreskuratu nahi izan nuen blogaren estreinaldian". Antigua auzoaren sorrera, azkena

Blogeko azken sarrera apirilaren 1ekoa da. Bertan, Antigua auzoaren bilakaera jaso du historialariak. "Gure herriak eraldatzen joan dira eta azken artikulu honetan, 1960ko hamarkadan Antiguak izandako bilakaera azkarra jaso dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak