URA agentziak ur-zikinen kolektorearen bigarren zatia egiteko obrak lizitatu ditu

Maider Arregi 2022ko mar. 14a, 11:52

Antzuolako ur-zikinak Bergarara eramateko kolektorearen bigarren faseko lanak lizitatu ditu Ura Agentziak. Hala, tarte berriak jarraipena emango dio Antzuola eta Bergara arteko A-636 errepidearen parean 2019ko martxoan egindako kolektorearen lehen zatiari.  Hirugarren zatia, aldiz, Antzuolako hondakin-urak Bergarako araztegiarekin lotuko dituena, etorkizunean egitea aurreikusten duela azaldu du Ura Agentziak.

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Antzuolako hondakin-uren kolektorea luzatzeko obren lizitazioa egin berri du eta jada argitaratua dago Buletin Ofizialean. Horrek jarraipena emango dio Antzuola eta Bergara arteko A-636 errepidearen parean 2019ko martxoan amaitu zen lehen zatiari, eta etorkizunean Antzuolako hondakin-uren isurketak Bergarara eramango dituela argitu du Ura Agentziak. "Horretarako, tarte berri bat eraiki beharko da; oraingoz, ez dago epe jakinik baina egin beharreko lanak dira", nabarmendu dute.

Bost hilabeteko lanak

Behin obra esleituta, eta dena ondo bidean, lanak bost hilabetetan egingo direla esan du Ura Agentziak.  605.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Proiektuak Antzuolako hondakin-uren egungo kolektoreko urak hartuko ditu ibaiaren ezkerraldean, egungo ibaira isurtzen den puntutik gora, Ezkitza errekak Antzuola ibaiarekin bat egin aurretik. "Egin beharreko lehenengo jarduketa errepideko hormigoizko hesiak kentzea izango da, ibaira behin-behinean sartzeko eta, horrela, proiektuan aurreikusitako jarduketak gauzatu ahal izateko. Gutxi gorabehera, 2.700 m3 material aterako dira sarbide hori gauzatzeko. Material hori behin-behinean pilatuko da, eta obrak amaitu ondoren, egungo kokalekuan birjarriko dira. Ibaira sarbidea prest utzitakoan, egungo kolektorea luzatu egingo da", azaldu du Ura Agentziak.

Hartara, lanak egikaritu ahal izateko, egungo hoditeria bideratuko da Antzuola ibaiaren, Ezkitza errekaren eta ezkerreko ertzeko ezpondaren arteko plataforma txiki batera. Gero, kolektorea ertzez aldatuko da, eta ibilguaren eskuinaldera gurutzatu ondoren, harri- lubeta baten barnetik abiaraziko da, ibaira heldu aurretik (behin-behinean, hondakin urak Bergarara bideratu arte).

"Jarduketa hori osatzeko, kolektorearen bidegurutzeak erasandako ezkerreko ertza babestuko da, eta erabiltzeari utziko zaion kolektore-tartea (zein bertan dauden hormigoizko elementuak -eskailerak, lauzak, etab.) kenduko dira. Era berean, errekastoko urak ibaira aise jariatzeko eta arrain-fauna errazago igarotzeko moduko igarobide malguago bat egingo da", argitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak