Gaztetxea zabaltzeko talde-eztabaidak bihar

Maider Arregi 2022ko ots. 4a, 08:00

Gaztetxean egindako borroka feministaren gaineko pegatina erakusketa

MUko LEINN graduko ikasleek gidatuta, 'Piztu gaztetxea' ekimena abiatuko dute 16 eta 25 urte arteko gaztetxoekin. Gaztetxearen kudeaketa erabakitzeko, talde dinamikak sustatu eta gazteek dituzten proposamenak eztabaidatuko dituzte

Gazteen arteko talde-lana, ekintzailetasuna eta herria sustatzeko helburua duen ekimena abian jarriko dute Mondragon Unibertsitateko LEINN gradua egiten diharduen ikasle taldeak Antzuolan. Izan ere, MUko Piztu ekimeneko bultzatzaileek Piztu gaztetxea ekimena martxan jarriko dute bihar, zapatua. "Antzuolak badu erronka bat: nola zabaldu berriro gaztetxea modu adeitsuan, hain zuzen ere. Gazteak herrian dauden erronketara batzen badira, herriarekin gehiago konektatzen dute. Guk dinamikak sortu ditugu, eta taldeetan banatuta erronkari irtenbidea ematen saiatuko gara", azaldu du Mireia Arietaleanizbeaskoa dinamizatzaileak.

Taldekako bi saio

Gazteen gustuko ekimena izaki, Piztu ekimeneko dinamizatzaileek espero dute parte hartzea ere handia izatea bi saioetan, eta herriko gazteak –16 eta 25 urte artekoak– anima daitezela eskatu dute. "Antzuolako gazteriari gaztetxea berriz kudeatzeko aukera eman nahi diogu. Saioetan kudeaketa ona egiten duten erakundeen ereduak jarriko dizkiegu, eta tresnak eman. Garun ekaitza egingo dugu, esaterako, eta sortzen diren ideiak lehentasunaren arabera sailkatu. Behin ideia nagusia dutenean, talde mistoetan ideia garatuko dute. Amaitzeko, aurkezpen txiki bat egin beharko dute, eta bertan egongo dira, gurekin batera, Udaleko lankideak ere. Gailentzen den ideia nagusia edo ideia irabazlea gaztetxea aurrera eramateko kudeaketa modua izango da; gazteek egun horretan sortu duten ideia, alegia", argitu du MUko Piztu ekimeneko sustatzaileak.

Hala, bihar, otsailak 5, herriko 16 eta 20 urte arteko gazteekin batuko dira gaztetxean, 10:30etik 12:00etara bitartean. Hurrengo dinamika saioa, berriz, otsailaren 12an egingo dute, 20 eta 25 urte arteko gazteekin. Parte hartzeko dei egin dute.

Gazteen erronkari erantzuteko

Gazte Batzordea sortzeko asmoz, saioak egin dituzte Urretxuko gaztetxoekin: "Institutuko eta Ikastolako DBHko 3. eta 4.mailetako gazteekin abiatu genuen dinamika. Gela bakoitzean, ordezkariak hautatzea erabaki zituzten. Eta ordezkari horiek udal ordezkariekin hilero batzen dira, taldearen proposamenak adosteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak