Hamahiru abestiz osatutako diskoa kalean du jada Klak!son taldeak. Eguaztenean kontzertu eta guzti aurkeztu zuten Plateruenan. Ion Gurutz Biteri teklatu-joleak azaldu du zeintzuk diren lan berriaren xehetasunak.
Hasteko, zer moduz egon zen herenegungo kontzertua?
Gozatu egin genuen. Plateruenan aritu ginen ordu erdi inguruz onena ematen. Gainera, Mukururen standean izan dugu diskoa salgai. Aurreko bi lanak ere Durangon aurkeztu genituen. Sorkuntza lanak promozionatzeko erakusleiho ona da.
Mukuru kolektiboko kideak zarete, hain zuzen. Bergaran egindako jaialdian eman zenituzten kantu berriak aditzera, ezta?
Bai; azaroaren 13an izan zen hori, kartzela zaharrean. Musika taldeon elkarte antzeko bat da Mukuru, kontzertuak egiteko eta talde desberdinen arteko elkarlanak sustatzeko bokazioa duena, besteak beste. Oraindik diskoaren ale fisikoak iritsi gabe zeuden arren, kantu berri batzuk jo genituen publikoaren aurrean estreinakoz.
2015ean kaleratu zenuten hirugarren lana: Denboralea. Orain aurkezten ari zaretena patxada handiz hartu izanaren seinale al da?
2015ean eta 2016an diskoaren aurkezpen kontzertu batzuk eman genituen. Gero, abesti berriak egiten hasi ginen. Esan genezake 2019rako Puntu urdin margula-ko kantu ia guztiak konposatuta geneuzkala. Baina egoera pandemikoak bi urtez luzatu digu grabaketa prozesua.
Eta hori, musika-tresnak zeuen lokalean grabatu zenituztela...
Bai. Arditegi izandako gune batean estudio bat daukagu egokituta gure entseguak egiteko. Musika-tresna guztiak bertan grabatu ditugu, gure kabuz. Badakigu asko dugula oraindik ikasteko, eta horregatik sentitzen gara eroso nahasketak kanpoko batek egiten dizkigunean. Kasu honetan, Arrasateko Shot! estudioan egin dizkigu Ander Barriusok; eta masterraz, berriz, Jonan Ordorika arduratu da.
Gustura zaudete emaitzarekin?
Hasierako ideia kantu guztiek musikalki koherentzia bat edukitzea zen, hasi eta buka, eta hori lortu dugulakoan nago. Gero, gure artean aipatu izan dugu disko erdi-kontzeptuala dela. Hau da, zenbait kanta diskoaren azalean proposatzen dugun gaiaren bueltan sortu genituen, eta beste zenbaitek ez dute gai horrekin loturarik.
Zer iradokitzen duzue?
Lur planeta puntu bat bakarrik dela unibertsoan, Voyager 1 espazio-zundak 1990ean 6.000 milioi kilometroko distantziatik ateratako argazkiak ondo erakusten duen bezala. Kontrastea egiten du gu guztiaren erdian gaudela uste izatearekin. Azkenean, naturak dagokigun tokian jartzen gaitu. Ideia horren bueltan sortu genituen Bakardadearen bidaian, Tanta bat espazio-denboraren ozeanoan eta Plasma hodeietan igerian kantuak. Azken pista, diskoaren izen bera daramana, soinu batekin amaitzen da, zeinek Lurra unibertsoan den puntu hori adierazten duen.
Space rock estiloaren baitan koka dezakegu joera hori, ezta?
Labur esateko, musikalki rock progresiboa da, elementu psikodelikoekin. Esan dezakegu Pink Floyd-en eragina daukagula. Kantu batzuetan lantzen zuten rock espaziala. Asier Alkorta gitarra-joleak gustuko du talde hori, eta aipatu ditugun kantuak beragandik irten dira.
Baina, esan bezala, badituzue gai horretatik aldentzen diren kantuak.
Alaiagoak eta rockerragoak dira, esaterako, Elektroiak korrika eta Morrison. Kantu bakoitzetik atera daiteke zerbait desberdina, baina esango nuke, era berean, guztiek badaukatela zerbait komunean. Konposizioak ez ezik, abestien ordenak ere asko zaindu ditugu, gainera.
Diskoa osorik entzuteko egin duzuela, alegia.
Badakigu gero eta jende gutxiagok entzuten duela disko bat jarraian, musika kontsumitzeko moduak asko aldatu dira eta. Spotifyn-edo sartzen zara eta zure playlist-a entzuten duzu, talde ezberdinetako kantuekin. Guk diskoa hasieratik amaierara entzuteko egin genuen, horrek ez du esan nahi entzuleak kantu bakarra entzun nahi ez izatea. Baina balio beza, behintzat, osorik entzuteko.
Egiten duzuen guztia mimatzen duzuela igartzen da.
Bai, eta saiatzen gara denok batera sortzen. Hala, denok gustura egotea eta kantua aberasgarriagoa izatea lortzen dugu, eta, kontrara, gehiago irauten dugu kantua bukatzen. Horrek ez du esan nahi taldekide batek beste batek baino pisu gehiago izan ez dezakeenik faseren batean, baina abestiak Klak!sonen izenean sinatzen baditugu, bakoitzak bere ekarpena egiten duelako da.
2005etik zara taldeko teklatu-jolea.
Asier Alkorta gitarra jolea eta ni neu mantentzen gara hasierako egituratik. Mikel Bargiela 2007tik ari da abesten, bateria-jolea 2006an sartu zen eta baxu-jolea 2010ean. Beraz, 10 urte daramazkigu egitura berarekin. Familia bat gara eta asko disfrutatzen dugu kantu berriak egiterakoan. Irteten direnean eta, batez ere, onak direnean, plazer hutsa izaten da niretzat.
Eta antzuolarren aurrean, noiz?
Nahiko genuke zerbait egin; Torresoroan, adibidez. Baina zain gaude, koronabirusaren datuak ez baitira onak. Egoera hobetzen denean helduko diogu horri.