Aurten abiatutako muralgintzako proiektua azken txanpan dago. Ione Larrañagak eta Oier Peñagarikanok elkarlanean herriko hainbat txoko apaindu dituzte jada. Guztira, bederatzi lanek osatzen dute proiektua, eta horietatik zazpi eginda daude. Izan ere, noiz margotu eguraldiak aginduko du, eta horren menpe dagoela, besteak beste, Mairuaren Alardearen murala kontatu du Larrañaga ilustratzaileak. "Ideia da mural guztiak batuko dituen ibilbidea sortzea, eta mural horiei QR bidez multimedia informazioa eranstea. Behin muralak gertu daudenean egingo diegu herritarrei aurkezpena. Muralak elkarlanean egin dira: Andramanuelak emakume taldearekin edota herritarrekin, besteak beste. Orain, Alardearen eta pilotaren horma-irudiak egitea falta zaizkigu baina eguraldiaren menpe jarraitzen dugu. Pilotaren diseinua Oierrek egina du jada, baina, badirudi nahi baino gehiago luzatuko dela proiektua eguraldiagatik".
Izan ere, Mairuaren Alardea islatuko duen irudia egiteko horma gertu dago. "Nahiko egoera kaxkarrean zegoen horma eta igeltseroak txukundu ostean, gertu utzi du. Dena definituta dago, baina hiru bat egun ateri eutsi behar dio eguraldiak margolana behar bezala egin dadin", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Pilotaren margolana pilotalekuko atean egingo dute; Alardearena, aldiz, plazatik Olaranera bideko horman. Bestalde, Antiguako geltokiko markesinan tamaina txikiagoko murala egi- tea dela asmoa aurreratu du alkateak: "Jolasguneak egokitzen hasten garenean egingo da Antiguakoa".
Guztion Alardea
Alardearen murala herritarrekin batera margotzea dela asmoa dio Larrañagak, baina hori osasun egoerak ere baldintzatuko duela nabarmendu du. Alardearen Elkarteko kide Lander Dominguezek adierazi du Alardea herriarena dela eta elkarrekin margotuko bada, denek bere sentitzen dutelako dela: "Alardea herriarena da eta herritarrekin egitea erabakitzen bada, herriak bere sentitzen dutelako da. Alardea ere horrela egiten da, denok elkartu eta ideia aurrera eramanda". "Ez da pintatzea, pintatzeagatik. Lotura bat egin nahi dugu gure izaerarekin, artea kalera atera eta herria txukun eta polit utzita. Gure herriaren izaera batzen duen irudikapena da. Feminismoa, euskaltzaletasuna, pilota, senidetza", gaineratu du Kortabarria alkateak.