Landatxoperen oharra
Eta zuk… ikusten al duzu? lelopean, Emakundek aurten 55-79 urte bitarteko emakumeek jasaten duten genero indarkerian jarri du fokua, ezkutuan mantentzen den indarkeria hau gizarteak ikus dezan. Indarkeria, jatorri, klase eta adin guztietako emakumeek jasaten dute; baina orain arte, kanpainetan eta komunikabideetan emakume gazteagoak azaldu dira indarkeria honen biktima bezala, nahiz eta 65 urtetik gorako emakumeak izan biktimen %23,4 (Gobernuaren Delegazioa, 2019) Gazteak ziren hamarkadetan, emakumeek ezin zuten etxetik kanpo lan egin, kontu korronte bat ireki, kanpora bidaiatu edo ondasunik eduki senarraren baimenik gabe, eta are gutxiago senarrarengandik banandu.
Inoiz errekonozitu eta ordaindu ez zitzaien zaintza lana egiten zuten. Gizarte patriarkal gordin hartan sozializatu ziren, jasaten zuten indarkeria etxeko lau pareten artean geratzen zen, ingurukoen isiltasunak lagunduta. Eskubiderik gabeko egoera horietan, emakumeek ezin zuten eurenganako indarkeria psikologikoa identifikatu: gutxiespenak, xantaia, manipulazioa, irainak, beharturiko sexu harremanak … emakumeen oreka emozionala, segurtasuna eta autoestimua kaltetzen dituzten portaerak, hain zuzen ere.
Gainera, gizonen hitza lehenesten zuten eta “ni neu naiz aldatu behar dena, maite nauelako egiten dit, neuk ez dut nire papera ondo betetzen, nire portaerak urduri jartzen du…” eta antzekoak pentsatuz bere gain hartzen zuten errua. Indarkeria identifikatzeko zailtasunez gain, gaur egun ere kolektibo honetako emakume askoren baliabide ekonomikoen falta gehitu behar zaio. Ez da, bada, harritzekoa tratu txar egoera urte luzeetan jasan izana (are gehiago menpekotasun fisiko edo mentalaren kasuan) eta ezta ere inoiz salatu ez izana. Agian, horregatik izango da zaila estatistiketan indarkeria honen datuak fideltasunez jasotzea. Gainera, orain arte 65 urte gorakoen emakumeei buruzko daturik ez da jaso izan. Zaharren inguruko gaiei ez zaie orain arte kasu gehiegirik egin, adinari lotutako pentsamoldeak medio; ordua da emakume nagusienei eragindako indarkeria sakonki aztertzeko, bere berezitasunak kontutan hartuz eta trataera eta prebentzioa bermatuz.
Arrisku egoeran baldin bazaude, edo zure ingurukoren bat baldin badago, deitu telefono hauetara: 900840111 edo 016. Doakoak eta anonimoak dira.