Ione Larrañaga Gorritxo Antzuolako ilustratzailea Alkizan izan da, Sormenaren Kabia bekari esker txepetx bat protagonista duen ipuin ilustratua sortzen, hiru aste iraun duen egonaldi artistikoan. Txori batek egiten duen bidaia kontatuko du, eta argi du sortze-prozesuaren bidean ere disfrutatu daitekeela, eta baita asko ikasi ere. Lortzen duen azken emaitzari hainbeste erreparatu barik, egi-ten duenari balioa emanda.
Alkizako Sormenaren Kabia bekako irabazleetako bat sara, eta saria ipuin ilustratu bat sortzea da. Saria ederra da, baina erronka ere halakoa, ezta?
Hala da, baina gustuko erronka da. Hiru astez izan naiz Tolosaldeko Alkiza herrian ipuin ilustratuarekin buru-belarri, eta joan den astean bueltatu nintzen egonaldi artistikotik.
Nolako lana izango da? Zein baldintza ezarri dizute ipuin ilustratua gauzatzeko?
Proiektua aurkeztu behar zen, eta beraiek aukeratzen zuten. Hala, espazio bat uzten dizute Alkizan, eta denbora bat ematen dizute lana gauzatzeko, nahiz eta hiru asteko egonaldi horretan lana bukatzea ezinbesteko ez izan. Berez, amaitu dut egonaldia, eta oraindik lana dut aurretik.
"Pribilegio bat da hori; izan ere, askotan, enkarguei erantzun behar izaten diet, eta, oraingo honetan, nik neuk sortutako zerbait izango da"
Zer da zuretzat Sormenaren Kabia beka jasotzea?
Proiektu propio bat sortzeko denbora bat hartzea ekarri dit. Pribilegio bat da hori; izan ere, askotan, enkarguei erantzun behar izaten diet, eta, oraingo honetan, nik neuk sortutako zerbait izango da. Bestelako lanetan ez dugu hainbesteko den-borarik segidan gauza batean soilik zentratzeko.
Natura eta denbora elementuak izaten dituzu presente zure lan askotan. Horiek ardatz jardungo duzu ipuin ilustratuan? Ez, bereziki. Kasu honetan, txori baten istorioa da, eta bere bidaiaren kontakizuna.
Ipuin ilustratua sortzeko abiapuntua zein da? Eta, horrekin batera, ondorengo prozesua?
Alkizan eman ditudan lehenengo egunak antolaketarako baliatu nituen. Istorioa kontatzeko, storyboard batetik hasten naiz, modu eskematikoan. Hortik saiatzen naiz irudiak ateratzen, nahiz eta, nire kasuan, askotan, irudiak aurretik pentsatuta izaten ditudan. Burura lehenago etortzen zaizkit irudiak testua bera baino. Marrazkiak paperean eta arkatzez egiten ditut, eta, paperean egindako hori digitalizatu ondoren, ordenagailuan lantzen ditut: lehenengo, marrazkiak garbitu, eta, ondoren, koloreztatu. 32 orri inguru ditut eginda, oraingoz, baina 40 orrialdetara iristea da nire asmoa, kontuan hartu barik azala eta kontrazala.
"Nire kasuan, askotan, burura lehenago etortzen zaizkit irudiak testua bera baino"
Azkeneko ukituak eman ondoren, noizko izango duzu prest ipuin ilustratua?
Ez dut eperik, eta eskertzen da proiektu bat patxadaz egiteko aukera izatea. Gabonetan erakusketa bat egingo da eta aurkezpen bat egingo da abenduaren 17an Alkizan, eta, ordurako, lana aurkezteko, eginda izan beharko nuke.
Kasu honetan, ipuin ilustratu bat egiten ari zara, baina kaleko muraletan ere ari zara?
Oier Peñagarikano eta biok ari gara Antzuolako horma-irudiak egiten, eta, zenbait egin ditugun arren, bukatu barik ditugu. Guztira, zortzi horma-irudi izango dira, eta horietan erakutsiko ditugun gaiek izango dute Antzuolarekin zerikusia: Kaxiano soinu-joleari nolabaiteko aitortza, bertakoa zelako; pilota ere landuko dugu; mural feminista bat ere bada, Euskaraz blai leloa sartu dugu haurrak ibiltzen diren ur parkean...
Kaxiano gogoan, horma-irudia
Eguzki auzoaren osteko zubiaren pareko horman Kaxianoren omenezko murala margotu zuten Oier Peñagarikanok eta Ione Larrañaga artistek. Kaxiano Antzuolako baserri batean jaio zen, eta herritarren artean presente egotea nahi izan zuten artistek.