Ia bi hamarkada igaro dira Ghulam Kouser familia pakistandarra Antzuolara etorri zenetik. Gaur egun, ordea, sei anaia-arrebaz osatutako familia Londrestik gertu dagoen –54 kilometro iparraldera– Luton herrian bizi da. Baina Antzuola oso presente dute, eta, tarteka, haurtzaroa eta nerabezarora igaro zuten lekua bisitatzera etortzen dira. Hala, bost eguneko egonaldia egin berri dute Hira eta Baleegha Ghulam Kouser ahizpek.
Txikitan bizi izandakoak gogoratu ez ezik, belaunaldi berriari bertako esperientzia eta hizkuntza bera transmititu nahi izan diote. Izan ere, Hira bere bi semeekin etorri da Antzuolako lagunak bisitatzera. "Hiru urte jarraian Antzuolara etorri gabe egin ditugu. Txikitan oso lagun onak egin genituen, eta oroitzapen apartak ditugu; horregatik, argi geneukan berriro bisitan etorriko ginela. Izan ere, hemen hazi gara; etorri ginenean, 8 eta 9 urte genituen, hurrenez hurren, Hirak eta biok. Hala, Antzuolako txokoak erakusteaz gain, haurrei nola bizi ginen erakustea eta kontatzea izan da gure helburua", azaldu du Baleegha Ghulam Kouserrek.
Euskarari eutsita
Bost eguneko egonaldian, oso gustura eta etxean bezala sentitu direla aitortu dute. "Anparo Arregiren etxean egon gara, oso gustura, eta oso ondo pasatu dugu. Herritar gehientsuenek ezagutu gaituzte, eta oso gertuko ditugu. Berriro gu ikusteak poztu egin ditu antzuolarrak. Gainera, euskara mantentzen dugula ikusteak are poztasun handiagoa eragin du herrian. Izan ere, argi daukagu euskarari eutsiko diogula. Gure artean euskaraz egiten dugu, ez dugu- lako hizkuntza ahaztu nahi, eta herritarrak hori entzuten dutenean asko pozten dira".
Komunitatearen kide
Familia pakistandarra lan bila etorri zela ia bi hamarkada iga- ro dira. Lehenik eta behin, gurasoak etorri ziren, eta ondoren, seme-alabak iritsi ziren herrira. Lehen Hezkuntzan, 8 eta 9 ur- terekin abiatu zuten ikasturtea Hira eta Baleegha ahizpek Herri Eskolan. "Berehala, harreman oso estua eraiki zuen familiak Antzuolarekin. Eskolak sekulako lana egin zuen familiaren integrazioa bermatzeko. Antzuolara etorri ziren lehen familia etorkinetako bat izango zen, ziurrenik", gogorarazten du Hira eta Baleegha Ghulam Kouser ahizpen lagun taldeak. "Hemen jasotakoa transmititu nahi izan dute, eta gure euskal kulturari eutsi diote".