Bidezidorretatik puntara, kultura eskutik hartuta

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 22a, 11:04

Gaur kontzertua eskainiko duen Skabidean taldea. Irudia: Skabidean.

Astelehenean hasi zen Debagoieneko bidezidorren jaialdia, baina oraindik egitarau zabala dago astebururako: mendi ibilaldiak, bisita gidatuak, tailerrak, kontzertuak... Domekan amaituko da aurten Antzuolak hartu duen Puntaik Punta ekimena.

Zenbait debagoiendarrek dagoeneko gozatu dute aurtengo Puntaik Punta jaialdiaz; izan ere, astelehenean abiatu zen, eta ordutik, hainbat ekimen egin dituzte, hala nola Pou anaiek eskainitako proiekzioa, Mendi-film emanaldia eta Mikel Lizarralderen hitzaldia, esklerosi anizkoitzaren, kirolaren eta bizipozaren inguruan.

Egitarauaren zati handiena, baina, asteburura begira antolatu da, eta, hortaz, bidezidorren jaira gerturatzeko asmotan daudenak garaiz dabiltza oraindik. Gaurtik domekara bitartean, dozena erdi ikastaro, bederatzi mendi ibilaldi eta hamar emanaldi egongo dira, besteak beste. Gogoratu behar da edizio hau Antzuolak hartuko duela, baina antolatzaileek azpimarratu dute, modu batera edo bestera, bailarako gainerako herrietara ere zabalduko dela programazioa.

Zehatz esanda, bosgarren edizioa da 2021eko hau, baina Debagoieneko Mankomunitateak eta Antzuolako Udalak bi urte daramatzate prestaketa-lanetan; pandemiak bete-betean eragin baitzien iazko asmoei. Mikel Bargiela Antzuolako Kultura zinegotziak adierazi du "gogotsu" ekin diotela asteari eta ziur daudela "balorazio positiboa" egingo dutela: "Nahiko lan izango dugu, baina pozik gaude. Gogotsu gaude, pasatu dugun urte eta erdi honen ostean".

Kirola eta kultura, eskutik

Jaialdiaren oinarria bidezidorrak dira; natura eta kirola, azken finean. Gauzak horrela, egitarauari erreparatuta, hainbat plan daude aukeran. Goizetan mendi ibilaldiak izango dira protagonista. Bihar, adibidez, Antzuolako mugarriak eta Intxortako ibilbidea ezagutzeko aukera izango da, besteak beste. Eta domekan, berriz, irteeretako bat Atxorrotxetik Eskoriatzarainokoa izango da. Horrez gain, naturan beste era batera murgilduta, hegaztiak, landareak eta izarrak behatzeko tartea ere hartu dezake nahi duenak, eta beste abentura bat bilatzen du-enek espeleologia egiteko aukera ere badute Arrikrutzen.

Halere, kirolaz eta naturaz baino, kulturaz eta aisiaz gozatzea nahiago dutenentzat ere badago zer egin. Gaurtik domekara bitartean bederatzi musika emanaldi egingo dira –Ska-bidean, Kilimak, Sara Zozaya, Neomak, Sweet Barrio...–, eta era askotako tailerrak, hitzaldiak eta proposamenak ere batzen ditu egitarauak.

Bestetik, txikienek ere Puntaik Punta jaialdiaz gozatzeko aukera aparta dute, beren beregi haientzat antolatutako ekimenetan. Gaur eta bihar txotxongilo tailerra egongo da, eta Irrien Lagunek emanaldia egingo dute gaur, Torresoroan, 19:00etan. Horrez gain, familian egiteko planak ere egongo dira; adibidez, azken egunerako, domekarako, Arantzazu Parketxean antolatu den orientazio-jolasa.

 

Astebururako egitaraua

Urriak 22, egubakoitza

• 09:00 Mendi ibilaldia: Udala-Mineta-Santa Lutzia-Udala*.

• 09:00 Mendi ibilaldia: Antzuola-Arranoaitz-Antzuola*.

• 16:00 Ibilaldia eta tailerra: sendabelarrak ezagutzen*.

• 17:00 Haurrentzako tailerra: txotxongilo tailerra*.

• 18:00 Baso bainuak*.

• 19:00Irrien Lagunak 10 urte. Emanaldia, Torresoroan

• 19:00 Patxi Luque. Emanaldia, Zurrategi plazan

• 22:00 Skabidean. Emanaldia, Herriko Plazan

Urriak 23, zapatua

• 09:00 Mendi ibilaldia:Antzuolako mugarriz mugarri*.

• 09:00 Mendi ibilaldia: Arrasate-Larriño-Galarrixa-Aretxabaleta*.

• 09:00 Bizikletaren bisita gidatu interaktiboa Trenbide Zaharrean*.

• 09:30 Mendi ibilaldia: Elgeta 1936-1937, Intxortako ibilbidea*.

• 10:00 Mendi ibilaldia: Dolmenen ibilbidea*.

• 10:30 Bisita gidatua: Antzuolako herrigunearen bilakaera*.

• 12:00 Haurrentzako tailerra: Txotxongilo tailerra*.

• 13:00 Ertzak bidean emanaldia, Herriko Plazan*.

• 15:30 Bisita gidatua: Espeleotxiki Arrikrutz-Oñati kobetan*.

• 16:00 Ibilaldia eta tailerra: sendabelarrak ezagutzen*.

• 16:30 Bisita gidatua: pottokaren oinatzak jarraituz*.

• 18:00 Baso bainuak*.

• 18:00 Iñaki Mata. Barreras emanaldia

• 20:00 Hezkurbeltzak emanaldia, Zurrategi plazan

• 21:30 Lekittoko deabruak taldearen emanaldia, Kanpo beltzean

• 22:30 Neomak taldearen emanaldia, Herriko Plazan

• 23:45 Kilima taldearen emanaldia, Herriko Plazan

Urriak 24, domeka

• 09:00 Mendi ibilaldia: Lizarraga-Uzarraga*.

• 09:00 Mendi ibilaldia: Atxorrotx inguruak - Eskoriatza*.

• 09:00 Mendi ibilaldia: Leintz Gatzaga-Hiruerreketa-Leizargarate-Aretxabaleta*.

• 09:00 Hegaztiak behatzeko irteera*.

• 10:00 Bisita gidatua: Antzuolako ermitak ezagutzen*.

• 10:30 Espeleoarrikrutz. Lurpeko bidezidorrak Arrikrutz-Oñatin*.

• 11:00 Hegaztiak ezagutu eta behatu. Familian egiteko*.

• 11:00 Bisita gidatua: pottokaren oinatzak jarraituz*.

• 11:00 Orientazio jolasa familientzat*.

• 11:00 Tailerra: eskuko krema egitea*.

• 11:30 Bisita gidatua: Amatxo gaztandegi eta artegia*.

• 13:00 Sara Zozayaren emanaldia, Herriko Plazan.

• 16:00 Jolasenea. Dadoak botaz larrunrarrin gora! Zurrategin.

• 18:00 Sweet Barrio emanaldia, Herriko Plazan.

*Aurrez izena eman behar da

Izen-emateei dagokienez, taldeak mugatuak izango dira ibilaldi, bisita gidatu eta tailerretan, eta, horrenbestez, horietan aurrez izena eman beharko da puntaikpunta.eus webgunean edo 943 79 64 63 telefonora deituta. Kontzertu, antzerki eta ikuskizunetan, bestalde, ez dago izena eman beharrik. "Orain, lege aldetik ez dago mugarik, eta lasaiago gabiltza", onartu du Kultura zinegotziak. Dena den, hala eskatzen den ekimenetan izena ematera animatu nahi izan ditu herritarrak: "Animatu dadila jendea, ez dezala pentsatu ez dela tokirik egongo".

Egitarauko ekimenez gain, azoka ere egingo da Antzuolako erdigunean. Inguruko artisauek parte hartuko dute, eta bidezidorren inguruko informazioa eskaintzen duten postuak ere izango dira; baita bailaratik kanpoko ibilbideak erakusten dituztenak.

Zerbitzu guztiak, indartuta

Umeentzako prestatutako guneek eta azokak eragina izango dute herri barruan aparkatzeko orduan. Arazo horri irtenbidea eman nahian, Antzuolako en-presekin harremanetan jarri zen Udala, eta enpresak prest agertu dira euren aparkalekuak bisitariei uzteko. Herrigunean baino gehiago, autoak kanpoan dauden aparkaleku horietan uztea hobesten dute antolatzaileek. Hala, herriaren bi muturretan seinaleak jarriko dituzte, autoarekin doazenak egoki bideratzeko.

Gaur eta bihar, gaueko autobusen zerbitzua indartu egingo da

Nolanahi ere, garraio publikoaren aldeko apustua egin nahi da, eta Lurraldebusekin zerbitzua indartzea adostu dute; batez, ere egubakoitzean eta zapatuan, 00:00etatik 03:00etara bitartean. Lurraldebusen webgunean argitaratu dituzte ordutegi eta ibilbide guztiak.

Garraioaz gain, otorduak ere buruan izan dituzte antzuolarrek. Bargielaren esanetan, herriko ostalariak "prest" daude, baina, ohiko zerbitzu horrez gain, jaialdian jateko eta edateko beste postu batzuk ere jarriko dituztela aurreratu du.

Pandemiaren eraginak duela aste batzuk baino apalagoak diren arren, Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak gogorarazpena egin nahi izan zuen jaialdiaren aurkezpenean: "Beldurrik gabe baina zentzuz jokatzeko dei egin nahi diet herritarrei". Herriarentzako –eta beste neurri batean, bailara osoarentzako– erronka handia dela gehitu zuen Kortabarriak, eta "ondo joatea" dela denen nahia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak