Urriaren 8rako deitutako itzalaldi masiboarekin bat egin du Udal Gobernuak

Maider Arregi 2021ko urr. 1a, 07:54

Iraileko osoko bilkuran, argindarraren etengabeko garestitzea salatzen duen mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Mozioak EH Bilduren aldeko botoekin egin zuen aurrera. EAJk aurka bozkatu zuen,eta aurrera irten ez zen mozio alternatiboa aurkeztu zuen.

"Konpainia elektrikoak geroz eta aberatsagoak dira eta herria geroz eta pobreagoa. Iruzur hori salatu gura dugu eta beti dagoela horri aurre egiteko bidea adierazi.  Energia subiranotasuna aldarrikatu gura dugu, eta urriaren 8an deitutako itzalaldi masiborako deialdi publikoa egitea eskatu", adierazi zuen Mikel Bargiela zinegotziak.

Hala, mozioak jasotzen dituen puntu hauek onartuta gertatu ziren EH Bilduren aldeko botoekin:

"1.-Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du.

2- Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko.

3.- Eusko Jaurlaritza/Nafarroako Gobernua interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin.

4.-Antzuolako Udalak urriaren 8an, 22:00tatik 22:30etara deitutako itzalaldi masibo eta kazola-jotzeko deialdiarekin bat egiten du".

EAJren mozioa

EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen arren, ez zen aurrera irten. "Euskadik energia berriztagarrien, eraginkortasunaren eta baliabide propioen aldeko apustua bultzatzen du. Energia eredu berri baterako trantsizio prozesu horri aurre egiteko.  Gizarteak bere energia eskaerari erantzun behar dio, eta geroz eta eredu jasangarriagoa den eredurantz migratzen jarraitzen du. Eredu horrek kalitatezko hornidura lehiakorra bermatuko du eta berriztagarrien gero eta ekarpen handiagoan oinarrituta", adierazi zuen Miren Elgarresta zinegotziak.

EAJko ordezkarien honakoa proposatu zuten:

"1- Udal honetan ordezkatuta dauden alderdiek, Euskadin energia berriztagarriak ezartzeko eta energia aurrezteko duten konpromiso politikoa berrestea.

2- Herritarren kontzientzia zorrotz eta egiazkoa sortzen laguntzea trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketaren erronkarekin bat etorriz jardutea errazteko.

3- EAEko lurralde eta toki erakunde guztiei,  Aldundiak, Udalak, Mankomunitateak eta Kuadrillak– eskatzea trantsizio energetikoan beren zeregina betetzen jarrai dezatela eta efizientzia berriztagarriak eta energia kudeatzeko kooperatibak eta energia komunitateak bultzatzeko faktore erabakigarriak sar ditzatela.

4- Herritarrei dei egitea energia komunitateen autokontsumo formulekin bat egiteko aukera baloratu eta aztertzeko.

5- Eremu ekonomiko, sozial, politiko eta akademikoko eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea. Energia eskariak eta haren prezioak dakarte erronka komunari irtenbideak elkarrekin sortzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak