240.000 euro inguru jolasguneak egokitzeko

Maider Arregi 2021ko urr. 1a, 09:00

Jolasguneen gaineko parte hartze prozesuak ondorioztatu du zein den gune bakoitzaren egoera. Kasu bakoitza aztertuta, zer egin erabaki dute eragileek eta herritarrek. Horretarako, kreditu aldaketa onartu berri dute osoko bilkuran.

Antzuolako Udalak ekainean egindako jolasguneen gaineko parte hartze prozesuaren ondorioak batu eta lanketa egina du. Hala, jolasguneok egokitzeko beharrezko inbertsioa izateko, kreditu aldaketa onartu berri da iraileko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko zazpi botorekin. "2017an egin zen Antzuola 2030 izeneko parte hartze prozesua. Herria hobetzeko ekintzak planteatu ziren, eta, tartean, herriko aisialdi azpiegitura hobetzea jaso zen. Iazko aurrekontuetan sartu genuen jolasguneen azterketa eragileekin eta herritarrekin egiteko diru-partida. COVID-19ak eraginda, aldiz, egoerak eta neurriek baldintzatutako prozesua 2021ean gauzatu da", azaldu zuen Beñardo Kortabarria alkateak.

Hala, Udalak dinamika bat abiatu zuen Idolazekin, eskolarekin, Pausokarekin eta erretiratuekin elkarlanean. "Foro bat sortu eta lanketa egin dugu martxotik maiatzera bitartean. Kale inkesta ere egin dugu, jakiteko herritarrek nola ikus-ten dituzten jolasguneak eta zein proposamen dituzten. Guztia ekainean jaso eta talde eragileei bideratu genien. Hasierako zirriborro bat izan dugu, baina ez genekien zein kostu eta proiektu egingo ziren zehatz, gaur arte".

Jolasguneetarako inbertsioa

Orain, ekaineko proposamen zabala aztertuta eta egin nahi diren proiektuak zehaztuta, alkateak azaldu zuen 335.000 euroko aurrekontua izango dutela aurreikusitako inbertsioek. Eta, hain zuzen ere, kopuru horren kreditu aldaketa onartu zuten egokitzapenak egiteko: "Kreditu aldaketan bi planteamendu daude: batetik, jolasguneen egokitzapenerako eta sortu den irisgarritasun lanak egiteko 240.000 euro bideratuko dira; eta, bestetik, Eztala zelaiko argiteria berritzeko 95.000 euro bideratuko dira". Antzuolako Udalak une honetan ia 700.000 euroko kreditu globala dauka, eta hortik bideratuko da kreditu aldaketa egiteko diru kopuru hori.

Talde eragilearekin konpromisoa hartuta, uztailetik hona proiektuak lantzen jardun dute, honako adostasun hau lortuta: Errekaldeko parte hartze prozesua aurten egitea, urtea amai-tu aurretik. Antiguako gunea egonleku bilakatzea, eta gimnasia egiteko aparatuak jartzea. Kalegoin mahaiak jarri eta par-keari pare bat elementu gehitzea; eskola aurrea, ordea, ondo dagoela ondorioztatu dute. Ez, aldiz, anbulatorio aurreko par-kea, eta, egokitze lanez gain, txirrista eta eskalada-gunea jarriko dira. Hilerri alboko zelaia da berrikuntza: puntrak gunea egingo da bertan. Beheko auzoko, Ibarreko eta Eguzki auzoko guneak ere txukunduko dira eta gazte txokoko horma batean rokodromoa jarriko da, hurrenez hurren.

Bizikletaz eta patineteaz gozatzeko

Puntrak parkeak tirolina ere izango du. Torresoroatik igarotzeko semaforoa jartzea adostu du Udalak Diputazioarekin, azken unean, eta horrek inbertsioaren kostua arindu egingo du; modu horretan hilerria irisgarri izatea ere lortuko da, gainera.

Eztalako argiteria

Eztalan aldagela berriak egin ziren, baina futbol zelaiko argi-teria instalazioa –fokuak eta farolak– zaharkituta dago, eta ez da bateragarria egindako lan berriekin. Ondorioz, Jaurlaritzako Industria Sailaren ikus-kapenak hala eskatuta, argiteria instalazio berria jarriko da.

EAJren desadostasuna

Abstenitu egin ziren EAJko hiru ordezkariak: "Inbertsioak herritarrendako mesede dira, ez daukagu inolako zalantzarik. Baina oposizioan gaudenondako oso garrantzitsua da informazio gardena eskuratzea: zer egin nahi den, zenbat kostatuko den, zein kronograma izango duen... eta hori ez dugu jaso".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak