Apurka ikasten badoa ere, zaila egiten zaio egoera jakin batzuetan Iraia akademiakoa izateari lagatzea. Hala ere, bereziki maite du Gabilondok herrian negozioa izateak ematen dion askatasun eta gertutasuna. "Bizilagunak benetan ezagutzeko" aukera ematen diola aitortu du Helburuko arduradunak.
Irakasle lanetan zabiltza, baina zer ikasi zenuen?
Zuzenbidea ikasi nuen arren, ez dut inoiz arlo horretan lan egin. Bilbon nengoela, ikasle garaian, hasi nintzen laguntza eskolak ematen, eta ostean ere Urretxun aritzeko aukera irten eta aprobetxatu egin nuen.
Dagoeneko zortzi urte Antzuolan, zure kontura...
Saiatzea erabaki nuen, eta hasieran ez nuen ingelesa ere eskaintzeko asmorik, baina apurka-apurka eskatzen hasi zen jendea. Orain, kontrara, batez ere, ingelesa ematen dut.
Zein da gehien kostatzen zaigun irakasgaia? Zer gorrotatzen dute ikasleek?
Ulermena kostatzen zaie gehien beti, eta horrek lotura handia du autoestimuarekin ere; batzuetan, ulertu egin dute, bainaez dute sinesten ondo ulertu dutenik.
Ez al da zaila nerabeekin lan egitea?
Pila bat gustatzen zait nerabeekin harremana. Ez dute jakiten ondo ni non kokatu: ez naiz eskolako irakaslea, ez naiz lagun bat, ez naiz gurasoa... Harreman oso polita sortzen da; herriko gazteak dira, eta orain, nirekin ibili zirenak, kalean, heldu moduan ikusita ilusioz bizi dut.
Zure lanaren onena zer da?
Gertuko harremana, zalantza barik, baina onerako eta txarrerako. Adin tarte zabal batekin lan egiten dut eta hori oso aberasgarria da, eta, gainera, herriko umeak izanda are aberasgarriagoa.
Zergatik diozu okerrerako ere badela harreman hori?
Askotan, kosta egiten zait mugak jartzea; parkean nagoenean ez naiz Iraia akademiakoa, nire alabaren ama naiz. Baina banabil ikasten, apurka.
Alaba ere etorriko da Helburura...
Bai; zelanbait, esperimentu bezala erabiltzen dut, baina ez da nirekin etortzen, beste lankidearekin etortzen da.
Etxean ere ingelesez egiten duzue?
Ez dit lagatzen ingelesez egiten alabak, baina, hala ere, ez dut nahi; gure etxeko hizkuntza euskara da.