Herriko eraikin publikoak energia berriztagarriz hornitzeko asmoz, datorren astean hasiko dira udal pilotalekuko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzen. "Aste honetan plakak teilatuan jartzen hasteko asmoa geneukan, baina, eguraldi iragarpenak medio, datorren astean jarriko dira. Hala ere, teilatuan zenbait konponketa egiteko lanetan hasi gara. Zehazki, teilatu-hoditeria berria jartzen hasi gara. Bi lanak, plakak eta hoditeria jartzekoa, batera egitea zen asmoa, baina, adierazi bezala, plakena atzeratu behar izan dugu", kontatu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek. Gaineratu du pilotalekuan berogailua jartzeko lanak ere egingo dituztela. Herriko bi eraikinetako teilatuetan –pilotalekuan eta Herri Eskolan– 128 plaka jarriko dituzte, guztira; erdiak baino zertxobait gehiago pilotalekuaren teilatuko albo banatan. Lanek, guztira, 38.121 euroko kostua dute. "40 kilowatteko eguzki instalazioa da. Irailean bukatzeko asmoa zegoen, baina eguraldiaren arabera pixka bat atzeratuko da".
Argindar jasangarria
Autokontsumo energetikoaren aldeko apustua egina du Antzuolako Udalak. Hala, behin 128 plaka horiek ezarrita, posible eta errentagarria izango da energia berriztagarriz hornitzea gaztetxea, Olaran, eskola zein patioa, udaletxea, pilotalekua eta Torresoroa osoa. "Urrian martxan jarriko da argindar jasangarriaz hornitzeko bidea. Urtean aurreztuko dena asko da, eta 4-5 urtean amortizatuko da egindako inbertsioa", argitu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Kaleko argiteria
Bigarren fase batean, Aitzako depositutik kalera doan ur-jauziak behar beste energia sortu dezakeen ere aztertuko dute. Helburua da ur-jauzi horren energia aprobetxatu eta Ondarre, Herriko Plaza, Kalebarren, Aiherra eta Beheko auzoa argi jasangarriz hornitzea. "Azterketa egingo da eta errentagarria den edo ez ikusiko da. Hala balitz, aurrera egingo genuke proiektuarekin", gaineratu du.
Autokontsumo energetikoa
Goienerrek antzuolarrei dei egin die autokontsumo kolektiboa bultzatzeko urriaren 6an 19:00etan egingo den bileran parte hartzeko. "Elkartzen garen jende kopuruaren arabera udaletxean edo Torresoroan egingo dugu. Interesa duten orok udala@antzuola.eus helbidera mezua idatzi dezakete".