Kadeteetako lehen garaipena maila horretan lehiatutako azken lasterketan erdietsi du Unax Errasti antzuolarrak. Ondo ezagutzen zuen errepidean gailendu zitzaien 59 txirrindulariri asteburuan, Eibarko IV. Sarian: "Normalean, Eskoriatza, Oñati eta Soraluze artean egiten ditut lan-saioak; Soraluzeko saihesbideko maldetan lortu nuen aurkariengandik diferentzia handitzea", azpimarratu du Errastik. Txirrindulari bakarrak jarraitu zion Maltzagaraino, baina han ere erritmoa aldatu eta bakarrik iritsi zen Azitaingo helmugara. Ordubete eta 39 minutuan burutu zuen 60 kilo-metro pasatxoko ibilbidea.
Lorpen horri aurtengo denboraldian zehar pilatutakoak batu behar zaizkio. Izan ere, Beasainen eta Azpeitian hirugarren marka onenarekin helmugaratu zen; Euskadiko txapelketan, Arabako Arespalditza herrian, ostera, bigarren izan zen.
Lesioa atzean utzita
Meritu handiagoa eman behar zaio aipatutako palmaresari, ekainean, "denboraldiko momenturik onenean", eskumuturreko eskafoidean min hartu zuela kontuan izanda. Bi hilabete eman behar izan zituen asfaltotik kanpo, baina abuztuan agertu zen berriz, Nafarroako hainbat lasterketatan parte hartzeko. Iraileko lehen egunetan, gainera, kadeteak baino zaharragoekin, gazte mailakoekin aritu zen Gipuzkoako pare bat ekitalditan.
Pixkanaka erritmoa hartzeko baliatu zituen hitzorduok, eta jarraian etorri zen Eibarko erakustaldia. Kadeteen egutegia amaitu bada ere, bihar, gazte mailako txirrindulariekin batera parte hartuko du, Elgoibarren, arratsaldeko lauretatik aurrera. Antzuolarrarentzat, datorren urtean indarrak neur-tuko dituen aurkarien gaitasuna neurtzeko aproposa izango da zapatukoa: "Zaharragoekin ibili izan naizenean igarri dut pedalkada arinagoak ematen dituztela; gazteen kategoriara pixkanaka moldatzen joateko hitzordu polita izango da biharkoa, beraz".
Herrian bada afiziorik
10 urte ingururekin probatu zituen bi gurpilen gaineko lasterketak, aitaren zaletasunari jarraituz. Antzuolan txirrindularitzarako "afizio dezente" dagoela dio, eta giro horrek lagundu du berak ere kirol hori "gustuko" izateko orduan. Badauka oraindik zer hobetu: "Esprintean, akaso". Kontrara, "batez ere, goraka" moldatzen da ondoen; ea bere kirol-ibilbideak ere norabide horretan jarraitzen duen.