Ion Lizarazu informatikari eta twitchlari-ak Takatekla euskarazko online jokoa asmatu du. Euskarazko hitzak ahalik eta azkarren idaztean datza jokoa. Astero, astelehen iluntzeetan jokatzen da partida, eta batez beste hamabost lagunek parte hartzen dutela kontatu du antzuolarrak. Euskal Twitch komunitatea indartsu dagoela aurreratu du.
Programatzailea eta informatikaria zara; baita twitchlaria ere. Baina zer da eta zertan datza Twitch plataforma, zehazki?
Twitchen oinarria da zuzenekoa egitea eta jendearekin interakzioan jardutea. Zuzeneko streaming plataforma bat da.
Afiziotik ala ogibidetik iritsi zara Twitch plataforman murgiltzera?
Afizio edo ofiziotik baino gehiago, herrigintzatik murgildu naiz. @Nebunebukai-k, @arkkuso-k eta @Gamerauntsia-k elkarlanean #3000Twitz ekimena jarri zuten abian. Plataforma horrek eskatzen duena da streamer-ak zuzenekoa irekitzen duenean #euskara etiketarekin zuzenekoa etiketatu ahal izatea. Hartara, jendeak euskaraz ari diren streamer-ak bilatzeko aukera dauka. Eskakizun horri bultzada emateko hasi naiz Twitch plataforman.
Euskal komunitatearen baitan, Takatekla jokoa sortu duzu; nola jaio zen ideia?
Bai, halaxe da. @ibila87 twitzlari-ak –horrela deitzen diogu elkarri– egin zidan proposamena. Interesgarria zeritzon Twitcheko txatean zeudenen arteko interakzioa sustatzeko jolas bat sortzeari. Nolabait, zuzenekoan dagoenak jolasteaz gain, txatean zeudenen parte hartzea bideratu eta sustatu gura genuen. Hala, euskarazko Takatekla jokoa sortzea bururatu zitzaidan, txatekoen parte hartzea bultzatzeko. Taula batean dauden hitzak harrapatu behar dira jokoan.
"30 lagun gabiltza '#3000Twitz' ekimenaren baitan euskara Twitchen bultzatzen"
Joko erraza da? Abiadurak ere eragina izango du, ezta?
Bai, baina oso erraza da. Twitch kontua sortu behar da aurrena, eta bertan sartu –login–; ondoren, hitzak azkar idatziz parte hartu besterik ez da egin behar. Zaila dena da besteek baino lehenago euskarazko hitzak idaztea, edo beste norbaitek idatzi ez duen hitz hori norberak harrapatzea. Astelehenetan egiten ditut zuzenekoak, iluntzeko bederatzietan hasita; jada hamaika astez jarraian antolatu ditut partidak. Irabazleek nire kanaleko domina lortzen dute sari gisa.
Zuzeneko bakoitza prestatzeko aurrelana dago hor.
Aurrelana bai, musika, irudia... dena prestatu behar da zuzenekoetarako. Baina inprobisaziotik ere badu. Anekdota bezala: zuzenean pertsona batek irabazi, eta beste batek elkarrizketa egiteko proposamena egin zuen; eta elkarrizketa egin nion.
Nolako harrera izan du zure jokoak euskal Twitch komunitatean?
Hasieratik igotzen joan da ikusle kopurua; batez beste, hamabost ikusle izaten ditut zuzeneko bakoitzean. Jendea gustura dago, eta, batzuek astero errepikatzen duten arren, ikusle nahiz parte hartzaile berriak diren beste batzuk ere izaten ditut zuzenekoetan.
Euskal komunitatea sortua da jada, baina indartzen ari da? Nola ikusten duzu?
Zalantza gabe, indartzen ari da. #3000Twitz ekimenaren baitan, 30 bat lagunek parte hartzen dugu: batzuek sarriago egiten ditugu zuzenekoak eta beste batzuek tarteka egiten dituzte. Euskarak ematen duen bultza hori da komunitatea jada badagoela eraikia, eta bakarra dagoela, gaur-gaurkoz. Komunitate oso anitza da: oso gazteak eta helduagoak batzen dituena, alegia. Feedback ezberdinak jasotzen ditugu, gainera, bertan.