Antzuolako Jai batzordeak eta Udalak aisialdia egungo arauetara egokitu dute; hala, herritar guztiei egokitutako kultur egitaraua prestatu dute uztailerako. Beñardo Kortabarria alkateak esan du ez dutela ohiko jai nagusirik egingo, eta hori kontuan hartuta arretarik ez galtzeko eta zentzuz jokatzeko mezua helarazi. "Gu zainduta, ingurukoak ere zainduko ditugu. Nekez irtengo gara egoera honetatik guztiok norabide berean arraun egiten ez badugu", gaineratu du.
"Antolatu ditugun ekintza gehienetan aurrez izena eman behar da. Gainera, aireztatuko tokietan izango dira emanaldiak eta COVID garaiko neurriak bete beharko dira", azaldu du alkateak.
Uztailera murriztu dute
Iaz, uztailerako eta abuzturako antolatu zituzten ekintzak; edozelan ere, ikusi zuten abuztuan apenas ibili zela jenderik: "Hori horrela, aurten abuzturako ez dugu ezer antolatu, eta, hain zuzen ere, uztaileko hiru aste bukaeratan izango dira emanaldiak".
Adin tarte guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte: umeek, gazteek eta adinekoek gozatzeko moduko ekintzak. "2021eko aurrekontua egiterakoan jaietarako diru partida bat utzi genuen, ez genekien-eta zein izango zen egoera. Bada, jairik ez egin arren, partida horretatik bideratu dugu kultur ekintzak antolatzeko dirua; guztira, 27.000 bat euro", dio alkateak. Egoera zaila izan arren, arduraz jokatzeko eskatu du.
Sarrerak aurrez hartu
Antolatu dituzten ekintza guztiak doakoak izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izan ezik –3 euro–. Pailazoen emanaldirako, orientazio probarako eta patioko musika kontzertuetarako sarrerak aurrez hartu behar dira, labur.eus/sarrerakantzuola-n edo liburutegian.
Musikak tarte berezia izango du uztailean zehar. Azkenaldian entzutetsu egin den Sonakay taldea zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera egongo da uztailaren 16an, egubakoitza. Eskolako patioan izango da emanaldia, 20:00etan. Talde donostiarrak flamenkoa egiten du, euskaraz; ijitoak eta euskaldunak direnez, euskal kantak flamenko estiloan kantatzen dituzte. Sonakay hitzak urrea esan nahi du kalo hizkuntzan.
Bestalde, uztailaren 17an, zapatua, Liher eta Bulego taldeen emanaldiak izango dira. Liher taldeak 2015ean hasi zuen ibilbidea, Donostian. Stoner, soul eta rock doinuak sortzen dituzte. Hemen herensugeak daude diskoa kaleratu zuten 2020an, indarkeria matxistak kolpaturiko emakume baten bizipenak ardatz hartuz.
Kultur egitaraua
Antzuolako Udalak antolatu duen kultur egitaraua, aste bukaerara begira.
Uztailak 15, eguena
- 17:00 Aiherra-Antzuola murala auzolanean margotzea.
- 19:30 Jaioberriei eta helduenei ongietorria, udaletxean.
Uztailak 16, egubakoitza
- 10:00 Txistulariekin goiz-eresia.
- 11:00-16:00/16:00-18:00 Haur eta gazteendako puzgarriak eta jolasak, Sagastin.
- 20:00 Sonakay, patioan.
Uztailak 17, zapatua
- 09:55 Kañoiak sutu! txistulariekin goiz-eresia.
- 11:00 Bergarako Banda, herrian zehar kalejiran.
- 19:00 Kontzertuak, patioan: Bulego eta Liher.
Uztailak 18, domeka
- 12:00 Kale antzerkia: Turistreatzen.
- 19:00 Kina Bingo, plazan, Anelkarrekin.