Antzuolako jaietan klasikoetako bat da Bergarako Musika Bandaren kontzertua. Zurrategi plazan eskaini ohi dute, baina aurten ez da halakorik egongo. Hala ere, bandaren kalejira izango da uztailaren 17an, zapatuan, 11:00etan hasita.
Urteroko kontzerturik ez, baina kalejira formatu berezian arituko zarete, ezta?
Kontzertuak egin daitezke dagoeneko, baina Antzuolako Udalak ez zuen nahi pilaketarik, eta kalejira egitea eskatu digu, geldiuneak eginda. Iaz ere hala egin behar genuen, baina gertuko COVID-19 kasu batengatik bertan behera geratu zen. Urte askoan, Altzarte-Errotaberriko eraikinetik hasi gara; bertan trasteak utzi eta kalejira hasten genuen. Gero, kontzertua eskaintzen genuen, eta bazkaria egin. Eraikina bota egin dute; horrenbestez, Errekaldetik hasiko gara.
Zer eskainiko duzue kalejiran?
Herriko kaleak zeharkatzen ari garela Saint die pieza joko dugu; 30 urte baino gehiagoz Antzuolan jo izan den martxa da. Orain dela 26 urte hil zen Naparra antzuolarra oso banda-zalea zen, eta, pieza hori ikaragarri gustatzen zitzaionez, haren omenez jotzen jarraitu izan dugu. Antzuolarrek pieza horrekin identifikatzen dute banda. Geldiuneetan, berriz, Antzuolako doinuak eskainiko ditugu. Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatu zituen Antzuolako Alardeko kantuen partiturak eskatu, eta hori ere urtero jotzen dugu. Gero, Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kantua joko dugu. Gaur egungo zuzendari Enrike Txurrukak moldatu egin zuen kantua bandarako, pandemia garaian.
Bergarako bandako antzuolar bakarra, gainera. Etxean jotzea ala Bergaran, zer nahiago?
Kontuz zer diozun… Bi emakume bergarar ere badaude, Tzeitel eta Eider, baina Antzuolan bizi dira. Duda barik, nahiago dut Antzuolan jo. Hala ere, egun gogorra izaten da, biharamunarekin egoten garelako. Aurten, baina, ez dugu biharamun handirik izango, eta, emanaldia hobeto aterako zaigu, seguru.
Zenbat lagun arituko zarete Antzuolan?
Pandemiagatik ezin izan dugu zortzi hilabetez entseatu. Hala ere, hilean behin bideo bat grabatu du nork bere etxetik, eta ekainean izan zen lehenengo emanaldia jendaurrean. 67 musikari inguruk osatzen dugu Bergarako banda, baina, entseatzen hasi ginenetik ere, ez gara denok batzen ari. Arau zorrotzak jarri genituen, eta, egoera horrekin, 45 lagun arituko gara Antzuolako kaleetan zehar. Hilaren 17an kontzerturik ez dugu izango Antzuolan, baina Bergaran hurrengo egunean eskainiko dugu.