Uzarragako eliza erosi duen antzuolarra

Jone Olabarria 2021ko uzt. 10a, 09:35

Iban Iraeta, Uzarragako elizaren barrualdea ikuskatzen, eguaztenean.

Ezagun baten bidez jakin zuen salgai zegoela; ondo pentsatu ostean, erabakia hartu zuen. "Ilusioz" agertu da erosketarekin. Utzita egon ostean, egoera txarrean daude eraikinak, eta, pare bat proiektu dituen arren, oraindik ez daki zer egingo duen.

Gipuzkoako Gotzaindegiari erosi dizkio Uzarragako eliza, abade-etxea eta gertuko lursailak Iban Iraeta antzuolarrak. Azken ziurtagirien faltan, asteon bukatu dituzte salerosketaren tramite guztiak eta ofizialki antzuolarraren jabetzakoa da; eliza, abade-etxea, eskola, taberna, hilerria, plaza eta inguruko lursailak erosi ditu.

Ilusioak mugituta

Igeltseroa da Iraeta eta aitortu du hasieran ez zuela askorik erakarri eliza bat erostearen ideiak, baina, pare bat buelta emanda, "ilusioa" piztu zitzaion: "Ezagun batek komentatu zidan, salgai zegoela jakin zuzenean nitaz gogoratu zelako. Tokia oso polita da, historia ere badu, Gipuzkoako zaharrenetakoa da. Prezioaren berri izan, eta bueltak ematen hasi nintzen. Ilusio apur bat banuen erosteko, eta erabakia hartu nuen".

"Egoera nahiko txarrean"

Hainbat urtez eraikinak utzita egon direla-eta egoera "nahiko txarrean" daudela azaldu du Iraetak: "Une honetan nahiko gaizki dago dena, barruan ere jende asko ibili da, eta pintaketak daude. Eraikinen artean gaur egun okerren daudenak abade-etxea eta elizarako sarrera dira. Gainerakoan, teilatua konponduta eta dena txukunduta, lan handiarekin gehiago salba daiteke".

Uzarragako guneak betidanik ur mugimendu handiak izan dituela azaldu du, eta, ondorioz, eraikinek arazo handiak izan dituzte historikoki. Horren adibide da hilerria bera: "Uzarragan eraikitako lehenengo eliza orain kanposantua dagoen lekuan zegoen, gaur egun mantentzen dena lekuz aldatu eta ostean eraikitakoa da".

Bertan zer egin, zehazteke

Buruan dituen ideia guztiak oraindik ere ideiak baino ez direla argitu du Iraetak. Ez daki zer egingo duen bertan, baina badabil aukerak aztertzen: "Abade-etxearen egoera dela-eta bota egin beharko da, baina gainerakoa mantendu eta berritu egin gura dut".

Kanpin itxurako bat egitea ere ez du baztertzen: "Hasierako asmoa zen edukiontziekin egindako etxolatxoak jarri eta inguruko lurretan kanpin antzerako bat jartzea. Elizaren sarreran merenderotxo bat egitea ere pentsatu dut". Hala ere, momentuz, dena "ilusio bat" baino ez dela aitortu du: "Diru asko da, eta ikusiko dugu zer egin daitekeen. Lan handia dago hau dena txukuntzeko".

Hilerria, bere horretan

Iraetak azaldu du Uzarragako hilerria guztiz errespetatuko dela, eta ez dutela ukituko; alegia, gaur egun dagoen moduan geratuko dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak