Datozen asteetan Antzuolak jai nagusiak ospatuko ez dituen arren, kultura eskaintza zabala dauka antolatuta. Alkateak ohartarazi gura izan du neurriak errespetatu egin behar direla. "Egoera honetan zentzuz jokatzea eskatu nahi dugu. Gorriz gaude eta burbuila izan nahi dugu. Bestelako herrietakoek izango dute beste urte batzuetan etortzeko aukera. Orain, herritarrok arauak bete eta zaindu egin behar dugu. Antolatutako ekintza guztiak babes neurri zorrotzak dituzte: aire librean, distantziaz eta sarrerak aurrez erreserbatuz lortu daitezke soilik".
Hamaika positibo, aktibo
Bestalde, zapatuan Mox taberna itxi egin zuten bertako langileen artean positibo kasuak atzeman zituztelako. Tabernako bezeroek nahiz positiboekin harreman zuzena izan dutenek jada, egin dituzte COVID-19a hautemateko probak. "Antzuolako egoerak une honetan okerrera egin du eta hamaika kasu aktibo daude herrian. Taberna bat ere itxita dago positiboak atzeman dituztelako, Osasun sailak jakinarazi digu", argitu du Antzuolako alkateak.