Eskolako hezkuntza proiektuaz jardun du Maitane Basasorok (1992, Errenteria) Ikergazteren jardunaldian. Ikasle ohien bizipenak jaso ditu eta euren parte-hartzea sustatzeko gako pedagogikoak eman ditu. Tesia aurten borobiltzea du helburu.
Zergatik ikertu duzu Antzuolako hezkuntza eredua?
Psikodidaktikako master amaierako ikerketa-lana Antzuolan kokatu nuen, nire tesi zuzendaria eta ikaskide bat ere Antzuolako eredua aztertzen zebiltzan-eta. Master amaierako lan hartan ikusi nuen Antzuolako hezkuntza proiektuan ikaslea ardatza zela, eta ikaslearen ongizatea bilatzen zutela etengabe. Erabakiak hartzean nahiz ikaskuntza prozesuan protagonismoa zuten zantzu indartsuak zeudela ohartu nintzen.
Parte-hartzailea izan da zure ikerketa prozesua.
Bai; elkarrekin nola egin dezakegun eta zein behar dauden ikustea gustatzen zaigu. Hala, Antzuolako irakasle eta ikasle ohiekin elkartu eta diseinua adostu nuen. Bi helburu nituen: ikasle ohien testigantzak jasotzea eta parte-hartzea iradokitzen duten gakoak identifikatzea. Bigarrenik, gako horiek egunerokoan zein forma hartzen duten aztertzea izan dut xede.
28 belaunaldi elkartu dituzu.
Bai; 1974tik 2001era jaiotakoak batu nituen lehen helburua betetzeko. Zehazki, belaunaldi bakoitzeko bilera bat egin nuen, eta, hala, 28 talde-eztabaida abiatu genituen. Bigarren helburua betetzeko, ordea, behaketak egin nituen ikastetxean eta euren dokumentazioa eta publikazioak aztertu nituen. Ondoren, irakasleekin eta irakasle ohiekin talde-eztabaidak egin nituen informazioa kontrastatzeko.
Eredu hauek erakusten digute eskola zerbait gehiago izan daitekeela
Zein berezitasun ikusi diozu eredu pedagogiko honi?
Paulo Freire pedagogoak zioen justizia sozialaren alde egiten ez duen hezkuntzak egungo zapalkuntzak erreproduzitzeko joera izango duela. Alegia, eskola ikaskuntza-irakaskuntza gune hutsa baino gehiago dela eta Antzuolako ereduak bat egiten duela irakurketa horrekin. Orain dela 40 urte eredua abian jartzea erabaki zutenean, hori zegoen oinarrian: hezkuntza ereduarekin nolabaiteko desadostasuna zegoen. Irakurketa horretatik abiatuta beste balio batzuk jartzen dituzu erdigunean eta eragina dute parte hartzen dutenengan eta komunitatean. Bi dira oinarriak: haurra ulertzeko modua. Lan handia egin zuten hasierako formakuntzan eta ikasleek berezko gaitasunak zituztela ikusi zuten. Eta ezagutza ulertzeko modua. Eguneroko errealitatearekin harremanetan eraikia dagoen ezagutza, hain zuzen ere. Bi oinarri horiek aldaketa asko ekarri dituzte antolatzeko eta jarduteko garian.
Bi oinarri horiek erdigunean jarrita parte-hartzea zuzenagoa da, beraz.
Bai, ikasleen parte-hartzea zuzena izan da. Azken batean, herritar gisa zure komunitatean modu aktiboan jarduteko aukera duzunean, onurak bestelakoak dira; identitatearen hedapenean, kritika eta argudiorako gaitasunean...
Hiru minutuan nolako aurkezpena egin duzu Ikergazten?
Eredu berritzaileak jasotzearen garrantzia aldarrikatzea erabaki nuen Ikergazteko nire aurkezpenean. Eredu hauek erakusten digute eskola zerbait gehiago izan daitekeela eta ikasleen parte hartze erreala bultzatu daitekeela eta eskolak modu demokratiko eta arduratsuan ekarpen aktiboa egin dezakeela. Egunerokoan gertatzen diren egoerak azaldu nituen; adibidez, ikasleak, irakasleak eta ama batek esperientziak nola partekatzen dituzten.