Ikasturte berrirako klaustroaren egonkortasuna eskatu du Ibai Iriarte legebiltzarkideak: "Pausoka guraso elkarteari eskerrak irailero-irailero hutsetik hasi beharra duelako. Arazo estrukturala da, eta ez da soilik Antzuolakoa. Mugikortasunak ez du laguntzen eskola proiektua sendotzen eta garatzen. Etorkizuna bermatzeko tresnak eman behar zaizkie".
Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Antzuolako eskolari jarraipena egiten dihardutela adierazi du. "Datorren ikasturtean 228 ikasle izango ditu eskolak eta 25,2 irakasle; horietatik 15 karrerako funtzionario direnak, eta behin betiko lanpostua ikastetxean dutenak. Ikasturtea hasi zenetik neurriak aplikatu dira bitarteko irakasleen egonkortasuna bermatzeko xedearekin. Kalitateko proiektu berritzaileen aldeko apustua agerikoa da".
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde, Maria Begoña Pedrosa, Antzuolako Herri Eskolan izan berri da eskolako egoera eta kezkak zeintzuk ziren azaltzeko. Jaurlaritza EAEko ikastetxe guztiendako plan orokor bat lantzen ari da eta esleipena egiteko modua ere aldatu egin du.
2021-2022 ikasturtean hiru irakasle berri finko hasiko direla baieztatu dio GOIENAri Herri Eskolako zuzendaritzak –ez dauka zerikusirik esleipena egiteko modu berriarekin–.