Gizarte-sarea eratzeko eta indartzeko erronka

Maider Arregi 2021ko eka. 11a, 09:10

Antzuola Lagunkoiak komunitatearen baitan adineko pertsonen eta, oro har, antzuolarren parte-hartzearen gaineko ekimenaz jardun du Lagunsarea programan. Herriko esperientzia eta egungo erronkak partekatu dituzte hainbat udalerrirekin.

Antzuola Lagunkoiak aste honetan Euskadi Lagunkoiak online antolatutako Lagunsarea ekimenean parte hartu du. Antzuola Lagunkoiako kide Pilar Etxanizek, azaldu duenez, aurrerapauso handiak eman dituzte bakardadeari eta egoera zaurgarrian daudenen gizarte-bazterketari aurre egiteko egitasmoan. "Hain zuzen, helburua izan da gizarte bazterkeria arriskuan daudenak zein diren identifikatzea, eta horiei ekintza bidez laguntza komunitatean eskaintzea herritarren parte-hartzearekin".

Asmoa da guztia gida batean jasotzea, eta ondoren, egoera horretan dauden udalerriek zer egin dezaketen aztertzeko. Proiektuan elkarlanean dihardute Gipuzkoako Aldundiarekin, Adinkide eta Matia Fundazioarekin eta Antzuolako Udalarekin. "2020an hasi zen egitasmoa eta aurten ekintzak martxan jartzen ari gara pixkanaka", azaldu du Pilar Etxanizek. Antzuola Lagunkoiak komunitatearen baitan adineko pertsonen eta, oro har, herritarren parte-hartzearen gaineko ekimenak duen garrantziaz ere jardun du.

Herri inklusiboa

Etxanizen arabera, zein norabidetan lan egin behar den jakitea oso garrantzitsua da. "Nola irudikatzen dugu izan nahi dugun herri inklusibo hori? Antzuolako indarguneak detektatu ditugu Udal Plan Estrategikoan (2020-2030). Esparru guztietako pertsonekin, helburu desberdinekin –soziala, hezitzailea, arkitektonikoa...– eta herritarren parte-hartzearekin egin dugu lanketa". Hala, gizartea inplikatzeko helburuarekin, gizarte-bazterkeriaren sentsibilizaziorako eta prebentziorako ekintzak garatu ditu Antzuola Lagunkoiak. "Garrantzitsua da herritarrak lan horren inguruan sentsibilizatzea eta, batez ere, gazteak erakartzea. Gizarte-zerbitzuekin, osasun arloarekin, hezkuntza komunitatearekin eta Antzuolako Udalarekin elkarlanean, eta modu koordinatuan ekintzak egitea litzateke bidea. Betiere, herritarren parte-hartzearekin gizarte-sare indartsua eratzeko".

Mapa komunitarioa garatuta dagoela aurreratu du Etxanizek: "Inklusioa erraztuko duten zerbitzuak, baliabideak, gizarte-eragileak, espazioak eta ekimenak islatzeko mapa da, eta adinekoak eta etorkinak ditu oinarri mapa komunitarioak". Udazkenetik aurrera ekintza zehatz horiek praktikara eraman nahi dituzte, eta urtebete barru errealitatea izatea espero dute-la iragarri dute. "Ilusioz" daudela nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak