Juan Bernabe: "Hazi egin diren eliza elkarteetatik ikasi behar dugu, biziberritzeko"

Maider Arregi 2021ko eka. 5a, 07:51
Juan Bernabe apaiz gaztea Antzuolako Errukizko Amaren parrokian.

Apeztu berri da Juan Bernabe (1995, Donostia). Antzuola du bere lehen destinoa, eta irailaren 15ean esan zuen lehen meza herrian. Pozik dago herritarren harrera onarekin.

Apaiztu berri den 26 urteko donostiarra da herriko apaiz berria. Irailean esan zuen Bernabek lehen meza. Bere gaztetasunak, bi metroko garaierak eta lepa-gorak ez du inor epel uzten. Egungo Elizak "hazi" egin behar duela dio, eta pederastia kasuak "amesgaizto gisa" bizi izan dituela aitortu dio GOIENAri.

Zergatik eta noiz erabaki zenuen apaiz izan nahi zenuela?

Berez, ez da zerbait nahi izatearen erabakia; baizik eta dei edo bokazio bat da. Bide honetan murgildu naiz dei hori entzun edo ikusi dudalako. Nire erabakia da dei horri jarraitzea. Hori argituta, nire momentua batxilergoa hasi aurrekoa da. Letrak ikasi nahi nituen, baina zein zen Jainkoaren nahia niretzako? Zerbait zegoen hor, kezka bere-zi bat. Azkenean, Gazteen Munduko Jardunaldian, Benedikto XVI.a aita santuarekin egon eta gero [eskua eman nion] baieztatu zen bokazioa.

Etxean, familiak nola hartu zuen albistea?

Oso ondo, eta bakoitzak erantzun ezberdin bat izan zuen. Etxekoei pixkanaka esan nien: lehenengo, gurasoei; gero, anai-arrebei, aitonari... Momentu oso politak izan ziren niretzako.

Zazpi anai-arrebaren artean zaharrena. Zure bidea jarraituko duenik?

[Barre] Momentuz, ez. Gure fa-milia oso fededuna izan arren, apaiz gutxi izan ditu. Nork bere egoeran, Jaunari baietz esaten jarraitzea nahiko nuke. Bai apaiz bizitzan, ezkontzan, bizitza erlijiosoan edo beste edozein bidetan... Eta uste dut hala egiten ari direla, gainera.

Oso fededunak zarete etxean?

Baietz erantzungo nizuke; egia da asko garela, eta nork bere bidea eta bere denboraldiak dituela, baina bai, uste dut auto-bidaietan arrosario santua errezatzen duen familia bat fededun gisa hartu daitekeela. Nigan ikusten duten onena beraiengandik datorrela esan ohi dut.

"Euskal Herrian ez dut Bergarako 'mojazahar' gazteen moduko komenturik ikusi"

Gaztea, bi metro, lepagorarekin... Ez zara oharkabean igarotzen.

Jakin badakit ni ikustean jendeak nitaz jarduten duela. Baina berehala asmatzen dut zertaz mintzo diren. Batzuetan, agurtzera hurreratzen naiz, dibertigarria da. Ongietorri ona eta beroa izan dut Antzuolan. Oso gustura sentitzen naiz; batez ere, jendea ezagutu ostean. Hitz onak bakarrik ditut antzuolarrentzat.

Antzuola da zure lehen destinoa?

Urtebete ere ez daramat apaiz, eta Antzuola eta Bergara dira nire lehen destinoak. Nire lehenengo meza Antzuolan esan nuen, irailaren 15ean.

Bergarako apaiz etxean bizi zara.

Bai; oso gustura nago. Gauzak ondo prestatu ditzaket bertan, noizean behin norbait gonbida-tu, otoitz egin, irakurri. Hiru apaiz gaude: parrokoa, asko laguntzen gaituen erretiratutako apaiza eta ni. Oso ezberdinak, baina harreman bikainekoak.

Zu zara gazteena elizbarrutian?

Ez; hilabete gutxigatik nire lagun min Mikel Ormazabal da gazteena. Elkarrekin apeztu ginen eta biok gara 95eko belaunaldikoak; 26 urte ditugu.

Eliza biziberritzeko beharrik ikusten duzu? Jendearengana hurbiltzeko zer egin behar du Elizak?

Elizara datorrenaren –eta baita apaizarena ere– batez besteko adinak adierazten digu urte gutxi barru hainbat lekutan eliza desagertu egin daitekeela. Horregatik, nire iritziz, mahai gainean egon behar den galdera da: zer egin Elizak iraun dezan? Bada, funtsean, egoera honetan egon direnen eta, hala ere, hazi egin direnen eliz elkarteez ika-si behar dugu. Adibidez, Bergaran ditugu Maria Stella Matutinako mojak. Euskal Herri osoan ez dut horrelako komenturik ezagutzen. Lekaime gaztez beteta, batzuk ni baino gazteagoak; beharbada, beraiei galdetu beharko genieke.

"Pederastia kasuak amesgaizto dira; barkamena eskatu eta lagundu egin nahi nuke, benetan"

Nola bizi izan dituzu Elizako pederastia kasuak?

Amesgaizto baten gisa. Ez dago beste hitzik. 2004an irakurri nuen, Guinness liburuan, Los Angelesko Elizbarrutiak zuela kalte-ordainen errekorra. Sinestezina zen, baina bat-batean gure herrian eta egunkarietan azaldu dira kasuak. Min handia sortzen dit, eta benetan gustatuko litzaidake biktimei barkamena eskatzea eta eman dezakedan laguntza eskaintzea. Bestalde, honen ondorioz, apaiz gehienak susmopean egoteak ere min handia sortzen dit. Ezer egin ez duten apaizak dira, eta saiatu beharko dugu ekintzen bidez susmoa argitzen.

Zein onura dakartza fededuna izateak?

Pila bat, ziur egon; azkenean, fedea ez da bakarrik guk betetzen dugun zerbait; nolabaiteko argi bat da, Jainkoak emana eta guk onar dezakeguna. Eskaintzen zaigun dohaina. Beraz, gure kontu egin dezakeguna baino zerbait handiagoa da. Horrela esanda, nahiko interesgarria dirudi. Adibide bat: maitasunagatik eta ez kaosagatik sortuak garela ezagutzea; argi hori zugan pizten denean, beharbada, bizitza alaitasun eta itxaropen berezi batekin ikus dezakezu.

Zoriontasunaren bidea hautatu duzula esango zenuke?

Zorion-bidea txikitatik hautatu nuen, ikusi beharko dut benetan aurkitu dudan edo ez. Apaiz oso on batek esaten zuen bezala: "Zoriona ez da bizitza eroso bat edukitzea, baizik eta bihotz maitemindu bat". Zorion-bilatze bideak egungo egoerara eraman nau; norberak ikusi eta ibili behar du bere bidea, alegia... Baina ez zait burura etortzen Jainkoarengandik gertu egotea eta gure anai-arreben alde bizitza ematea baino zoriontasun handiagorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak