Errotaberrik ezin izan du azken uholdea gainditu

Maider Arregi 2021ko mai. 23a, 10:14

Errota eta okindegi soila izatetik haragoko bizia izan du Errotaberrik. Antzuolarren elkargune ere izan da urte askoan bertako okindegia. Historiaz eta memoriaz beteriko hormak, ordea, betirako eraitsi berri dituzte garabiek, etxebizitza berriak egiteko.

Kalebarrengo Altzarte inguruko paisaia goitik behera aldatu da maiatzean. Garabiek hil honen hasieran hasi dituzte historiaz eta memoriaz beteriko errotaren eta haren inguruaren eraisketa lanak. Izan ere, asmoa da etxebizitzak eraikitzea Altzarten; errota eta okindegia zeuden lekuan, hain justu ere.

Antzuolan, errotaren batek historian zehar uholdeen eraginik jasan izan baldin badu, hori Altzarte edo Errotaberri izenez ezaguna den errota da. Hala ere, zutik mantentzea lortu du orain arte, nahiz eta gaur egun galdua zuen garai bateko indarra. "Bere lehen aipamen historikoak 1573 eta 1586 bitartekoak dira; hau da, Sebastian Lopez Ozaetak erosi omen zuen garaikoak. Errota hau Bidebarrieta izeneko lur eremuan kokatua dago, zehazki. Errotaberri bezala, aldiz, 1720an azaltzen da lehendabizikoz dokumentuetan". Hori du jasota Iñigo Ramirez de Okariz historialariak Irinmodo historia blogean.

Nostalgiaz gogoratzen dute antzuolarrek Altzarte inguruan bizitakoak eta bertako okindegian izandako solasaldiak. Errotaberriko seme Xabier Azkaratek ondorengo agurra eta gogoeta egin dio bizileku izan duen tokiari, sare sozialen bitartez: "Bere momentuan ezin izan nintzan behar bezala agur-tu, eta gaur zure paretak jausten ikustean, barrua mugiarazi dit, eta min handia sentidu dut nire barruan. Lehenengo, familia etorri zait burura; amama, ai-tona, osaba Luis, ama, aita, Belen eta Amagoia. Zenbat poz, haserre, zarata, isiltasun, maitasun, bizipen... bizi izan ditudan bertan eta zenbat ikasketa jaso... Eta nola ez, bertan bizitako istorio asko buruan bueltaka. Bizipen oso onak eta baita oso txarrak ere. Txarretatik gauza onak atera, eta beste dena, paretekin batera bertan lagatzea da onena. [...] Zenbat irudi ahaztuta nituela uste nituenak: irinez goitik behera aitona eta osaba Luis labean lanean, amama sukaldean [...], presako amuarrainak etxe ostean harrapatzen...".

Azkaratek gogorarazi du Errotaberrik beti izan dituela ateak herritar guztiendako zabalik eta horrela bizi izan dituela bizitzako urte gehienak. Antzuolako jaietan aterpetxea zirudiela ere aitortu du: "Ganbaratik edozein jaisten zen, eta obratzaile parean zenbat jende kruasanak jaten goizetan! Erreza ez zen arren, beti eskertuko dut denok etxean egon izana. Ama eta aita bertan lanean –bai Belen, baita zu ere–; gertutasun hori ez dago pagatzerik. Gauza gehiago idatziko nituzke, baina idazten hasten naizenean emozioek gain hartzen naute. Ni Errotaberrikoa sentitzen naiz eta beti sentiduko naiz; hemendik aurrera pareta horien bitartez bada ere".

Errotaberriko errota gogoan 

Garai batean Antzuola erreka eta Lizarraga errekako urak hartzen zituen errotak. Uholdeen eragina jasan behar izan zuen,ordea, 1834an eta 1988an. Nahiz eta 1994an berriro martxan jarri, azken uholde honek kalte handia eragin zion eta ospea galdu zuen. (Argazkia: Irinmodo. Kruz Azkarate errotaria)

San Bartolome, zutik

San Bartolome ermitaren arrastorik ez dagoen arren, jatorrizko kanpandorreak, aldiz, bertan segitzen du. "1980ko hamarkadaren hasieran bota zuten. Egoera kaskarrean zegoen. XX. mendearen hasieran, herritarrak saiatu ziren zaintza-lanak egiten. Bereziki, Kalebarrengo bizilagunak. 1975ean, maristak herritik joan ostean, eta auzo berri bat eraikitzeko garaian, ermita botatzea erabaki zen", dio Iñigo Ramirez de Okarizek Irinmodo blogean. Barruan zeuden irudiak ez dira galdu. San Bartolome eta Andra Maria Antzuolako parrokian daude. Hain zuzen ere, Altzarten jarraitzen duen kanpandorreak harrizko gorputza dauka eta egoera onean dago. San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, bakarrik jotzen dute kanpaia, bi bider.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak