Udal eraikinak energia jasangarriz hornitzea aho batez onartu du udalbatzak

Maider Arregi 2021ko mai. 12a, 10:47

Aho batez onartu du udalbatzak Antzuolako hainbat udal eraikin energia jasangarriz hornitzeko proiektua. 64.800 euro pasatxoko kostua du, eta ia erdia Gipuzkoako Aldundiko dirulaguntzekin finantzatuko da; bost bat urtetan amortizatzea du xede udalak.

Martitzeneko ezohiko osoko bilkuran, aho batez onartu du udalbatzak autokontsumo fotovoltaikorako proiektua. "Iaz Goienerrek egindako azterketak ondorioztatu du zenbait udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak jarrita, eraikinak energia jasangarriz hornitzea posible dela. Aurrekontuetan sartuta dago proiektua, ez ordea dagokion diru kantitatea. Hala, proiektua behin jasota, Hirigintza eta Ogasun batzordetik igaro da –kreditu aldaketa egin da–", azaldu du Beñardo Kortabarriak.

128 bat plaka fotovoltaiko jarriko dira eskola eta pilotalekuko teilatuetan. Energia jasangarriz hornituko dira, aldiz, udala, eskola, pilotalekua, Torresoroa, gaztetxea eta Olaran. "Hamar urtean amortizatuko litzateke. Aldundira eskatu dugu dirulaguntza eta amortizazioa bost bat urtera jaitsiko litzateke laguntza horiei esker. Filosofia aldaketa ere badakar; geure baliabideak geuk ere erabiltzekoa, alegia". Proiektuaren kostua 64.800 euro pasatxokoa da eta dirulaguntzen bitartez erdia finantzatzea du xede udalak.

Bestalde, EAJ eta alderdi sozialistak txosten teknikoaz gain, informazio praktikoagoa jasotzea eskertuko luketela gaineratu dute: "Txosten teknikoak ez du laguntzen eztabaida politikoan. Zein onura dakarren ezagutzea, zein esperientzia dauden jakitea... proiektuarekin ados egon arren, bestelako azalpena ere eskertuko genuke gaia errazteko". Alkateak nabarmendu die bi alderdiko ordezkariei txosten hori iazko otsailean helarazi zietela eta batzordeetan ere landu dutela, denboraz.

'Geuretik sortuak'

Ezohiko osoko bilkuran EH Bilduren aldeko botoekin Udalbitzaren Geuretik sortuak proiektuarekin bat egitea onartu dute. Ekimenak, euskal kultura lehen lerroan jarri gura du eta sormen-egonaldietan ekoiztutako obrekin egingo du hedapen-zirkuitua. "Bergara eta Elgetarekin parte hartuko dugu proiektuan. Doluaren inguruko kultura proiektua izango da, eta Oier Zuñiga iruindarrak egingo du. Irailean egingo dira emanaldiak hiru herrietan", azaldu du alkateak. Hala, Antzuolako udalak bi urtetan ia 9 mila euro jarriko ditu. EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin dira. "Euskaraz sortutako kultura ekimenen alde gaude, baina planteamenduarekin ez gaude ados eta alderdi bateko ekimena dela deritzogu. Baditugu Aldundia edo Eudel bezalako erakundeak non herriaren kulturaren mesederako ikuspegi zabalagoa duten", adierazi du Miren Elgarrestak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak