Zahartzaro arrakastatsua izateko bidea ereiten

Maider Arregi 2021ko mai. 1a, 09:00

Antzuolako zazpi erretiratuk memoria tailerra egiten dihardute. Helburua da bizitza kalitatea hobetzea eta autoestimua eta autonomia sustatzea. Amaia Olariaga psikologo eta dinamizatzaileak zahartzaro arrakastatsua izateko gakoak eman ditu.

Martxo bukaeran hasi eta ekain bukaera arte, martitzenero egiten dute Landatxopen memoria tailerra –guztira, hamabi saiokoa da ikastaroa–. "Funtzio kognitibo ezberdinak lantzen ditugu teknika ezberdinekin, oroimena, arreta eta hizkuntza lantzen ditugu hainbat ariketari esker. Ahoz nahiz fitxa bidez egiten ditugu ariketak eta etxerako lanak ere bidaltzen dizkiet", azaldu du memoria tailerreko psikologo eta dinamizatzaile Amaia Olariagak.

Autonomia eta arrakasta

Antzuolakoa talde oso autonomoa dela aitortu du Olariagak. "Bankuko klabea ahaztea, betaurrekoak non utzi ote dituzten gogoratzea... Lehen ahanzturak hasi dituztela aitortu dute. Egia da guztioi gertatzen zaigula, baina adin jakin batetik aurrera areagotu egiten da egoera hori. Horregatik, teknika batzuk erakusten dizkiegu. Horietako bat da erlazio edo lotura bidezko teknika; gauzak gogoratzeko bide ona da gertuko gaiekin loturak egitea; egiari zor, talde oso autonomoa da Antzuolakoa". Gaitasun kognitiboak landu eta mantendu behar dira; baina harreman sozialak eta ariketa fisikoa egitea ere oso garrantzitsuak direla dio Olariagak. Pandemia sasoia, aldiz, eragozpena izaten ari da jarduera horiek gauzatzeko orduan. "Praktikan jartzen ez badira, galdu egiten dira ohitura horiek. Memoria tailerron helburua narriadura kognitiboa saihestea edo aurreikustea da. Hau da, etorkizunean egon daitezkeen nahasmenak atzeratzea. Modu horretan, adinekoen bizi kalitatea hobetzen da eta autoestimua eta autonomia sustatzen dira".

Ikastaroko erretiratu gehienak zahartzaro arrakastatsu baten eredu direla deritzo psikologoak. "Zahartzaro normala, patologikoa eta arrakastatsua daude; arrakastatsuaren baitan, bizitzarekiko konpromisoa hartzen dute eta oso aktiboak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak