Ione Larrañaga: "Muralek bizia ematen diete herriko kaleei"

Maider Arregi 2021ko mar. 19a, 09:00

Ione Larrañaga Gorrotxategik Arte Ederrak ikasi zituen Madrilen, eta ondoren, Ilustrazioa eta Komikigintza ikasketak egin zituen Bartzelonan. 27 urteko antzuolarra orain, etxera bueltatu da, eta bere arrastoa jada utzi du herriko kaleetan.

Zergatik egin zenuen murala?

Iaz, berrogeialdia hasi zen asteburuan bertan nintzen murala margotzen hastekoa Bartzelonan. Pintura erosia neukan. Bat-batean, COVID-19a etorri zen eta ezin izan nuen burutu. Joan den irailean, Antzuolara bueltatu nintzen, eta Udalari proposatu nion pintura aprobetxatu eta ea murala egin nezakeen.

Zein mezu darama?

Nire lanek denboraz eta naturaz hitz egiten dute, eta lan honekin udazkena irudikatu nahi nuen. Urtaroen baitan, ziklikoki naturan gauzak nola aldatzen diren oso erraz ikusten da.

Zer sentiarazten dizute muralek?

Herri askok toki hil asko dutela uste dut, pareta huts asko, eta muralak bizitasuna ematen die kaleei. Baina ingurua txukundu eta bizitasuna emateaz gain, maiz, ikuslearen eta muralaren arteko elkarrizketa sortzen da. Espazio horretatik pasatzen den pertsonaren eta lanaren inguruko solasaldia. Oso interesgarri deritzot; akaso, muralaren alderdi garrantzitsuena dela esango nuke.

Zein harrera izan du?

Bada, horrelako herri txiki batean ez nekien zein izango zen erantzuna, eta horrek larritzen ninduen, batez ere, horrelako lanik ez dagoelako. Baina egiten ari nintzen bitartean bertatik pasatzen zirenekin izandako elkarrizketak eta proposamenak oso positiboak izan dira. Herritarrak gustura geratu direla esango nuke.

Udalak badu muralgintza proiektua aurtengo aurrekontuetan jasoa.

Bai; proiektu bezala badago jasoa muralgintzarena. Herriko puntu desberdinetan mural des-berdinak egiteko proiektua da; baina oraindik xehetasunak lotzeko daude.

Zer kontatu erabakitzen...

Pintura plastikoa darabil Ione Larrañaga Gorrotxategik bere horma-irudiak sortzeko garaian. Argazkian, iaz uztailean Kataluniako Sant Vicenç dels Horts herrian egindako murala dago. "Egingo dudanaren bitartez zer kontatuko dudan erabakitzen dut; eta, behin euskarria edo espazioa aukeratutakoan, sortze prozesua hasten dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak