Tomas Larrañaga: "Txinako azaloreak propietate asko ditu"

Maider Arregi 2021ko mar. 13a, 09:00
Larrañaga, ortuan, eskuetan hainbat sustrai dituela

Pak choi deritzon azalore txinatarra, kale azalorea, tirabeque lekalea... Horiek guztiak azokatan ikusten eta saltzen hasiak dira. "Begetariano, begano nahiz krudiboroendako aproposak dira; haragiak dituen propietateak eskaintzen dituzte", kontatu du Tomas Larrañagak.

Ohiko barazkiez gain, bereziak direnak ere landatuta dituzu ortuan.

Denak modu ekologian ekoiztutakoak dira. Geroz eta barazki-zale gehiago dago eta guk aukera ezberdinak ematen dizkiegu. Misuna (mostaza) gorria eta berdea, erremolatxa gorria, zilantroa (martorria), pak choi aza... zaporean aberatsak dira.

Jatorri txinatarra duen azalorea ere moda-modan jarri omen da.

Globalizazioak ekarrita hainbat produktu aurki daitezke Japonia edo Txinakoak. Pak choi-a aza txinatarra da, modan jarri da eta gero eta gehiago ikusten eta saltzen da azoketan. Baita misuna (mostaza) gorria eta berdea ere; entsaladan dastatzen diren hainbat belar dira. Osasungarriak eta propietate handikoak.

Beganoen elikaduraren osagarri dira belar horiek?

Ez beganoena soilik; baita ere dena gordina jaten duten krudiboroendako zein begetarianoendako. Haragiak dituen mineralak eta propietateak eskaintzen dituzte belar hauek. Kale izeneko aza hostoak, adibidez, badauka ezberdina den B bitamina; haragiak daukan berdina, hain zuzen.

Osasuntsu egoteko, sustraiak jatea gomendatzen duzu.

Bai. Patata alde batera utzi eta mineralez eta bitaminaz beteriko sustraiak jatea: azenarioa, erremolatxa, arbi zuria eta mihilua, besteak beste.

Pandemiak nola eragin dizu?

Zure burua ondo elikatuta eta emozioak ondo landuta, arazoak saihestuko dituzu. Pandemian, azokara jende gehiago etorri dela sumatu dugu. Orain, egoera normaldu egin da. Ez dugu arazorik izan, azokak pandemia garaian irekita egon direlako.

Ilarren garaia iristear da

Lapatza baserriko berotegian ilar berdea loretan dago. Bizpahiru astean batzeko gertu egongo dira ilar aleak. Lapatzan, baina, Mediterraneoan oso ezaguna den lekalea landatzen dute: tirabeque-a. Ilarra eta leka batera daramatzan barazkia da. "Erraz prestatzen da tirabeque-a, eta zaporez oso fina da", dio Tomas Larrañagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak