Laia Altube: "Poesiak bizirik dirau gazteon jakin-minari esker"

Maider Arregi 2021ko urt. 25a, 08:57

Bi urte daramatza sustrai antzuolarrak dituen Laia Altube idazle gazteak Bartzelonan; pandemia egoerak bultzatuta, bere lehen poesia lana kaleratu du.

18 urte ditu Laia Altubek. Arte Dramatikoa ikasten ari da, eta bere lehen liburua argitaratu berri du. Ausardiaz, bai kulturak bizi duen uneagatik eta baita ere barrua hustu izanagatik, Aquí donde me atrevo a decirte de todo poesia lana aurkeztu dio GOIENAri idazle gazteak.

Zergatik animatu zara poesia liburua idaztera? Zerk bultzatu zaitu?

Idatzien eta poesiaren bidez es-presatu izan naiz. Beti izan dut buruan kutxan gordeta nituen olerkiekin zerbait egitea, eta, berrogeialdia tarteko, motibazioa topatu nuen proiektua martxan jartzeko. Etorkizunarekin zer gertatuko den ez jakiteak buruan nuen proiektua gehiago atzeratu gabe egitera bultzatu ninduen.

Diozu barrua hustu duzula poesia lerroon bitartez. Zein gai azaleratu dituzu?

Bai, halaxe izan da. Poesia bakoitzarekin guztiz biluztu naiz. Izan ere, norberarendako idatzitako kontuak dira. Idazteak nire beldurrei, segurtasun faltari, antsietateari eta hainbat arazo gehiagori aurre egiten lagundu dit. Nire munduaren ikuspuntua nabarmendu dut eta harreman mota orok irakatsi eta inspiratu didatena irudikatu dut naturaren, egonezinen eta hausnarketaren bidez.

Poesia formaturik zailena eta urrunena dela esan ohi da; batez ere, gazteengana heltzeko. Zer deritzozu, hala da?

Egia da orokorrean jendeak ez duela poesia askorik irakurtzen, baina gazteen artean poesia irakurle komunitate handia dago Espainia mailan. Gaur egun, poesia moderno asko dago, gai ezberdin eta beharrezkoak lantzen dituztenak. Gazteek poesia modernoa irakurtzea nahiago izaten dute, eta nagusiek, aldiz, poesia klasikoa. Beraz, nire iritziz, poesia bizirik mantentzen dugunak gazteak gara, jakin-minetik eta garapen sozio-kulturaletik jaiotzen baita.

Zein harrera izan du zure lanak?

Momentuz, oso harrera ona izan du! Ez nuen pentsatzen hainbeste jendek liburuarekiko interesa edukiko zuenik, baina erre-zitalak direla-eta ezagutzera eman dut neure burua eta liburu eskaera handia eduki dut. Horrek bigarren edizioa kaleratzera bultzatu nau.

Zer transmititu dizute irakurleek?

Komentario on eta aberatsak eduki ditut, jendeak pozik har-tu du! Gehien nabarmendu di-datena da inspirazio handira bultzatuta sentitu direla, eta horrek pozez bete nau.

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez jasota dago zure lana; zergatik?

Hiru hizkuntzatan hezi naiz; beraz, hiru hizkuntzatan idazten dut. Sentimendu diferenteak hizkuntza ezberdinekin bat datozela sentitzen dudalako.

Katalunian bizi zara orain; bertan kultura asko babesten dute. Euskal Herriarekiko badago alderik?

Bai, aldea igarri dut. Katalunian apustu asko egiten da kulturarekiko eta jendeak asko zaintzen du. Baina, batez ere, hiri han-dietan, hirira bazoaz kultura eskuragarriago dago eta. Poesiarekiko, adibidez, Bartzelonan mugimendu asko dago, taberna eta gaztetxe askotan mikro irekiak egiten ditugu, non, batez ere, musika, rap eta poesia asko entzuten den.

Pandemia egoeran kultura kaltetua izan da, eta zu poesia liburua egitera animatu zara. Zaila izan da?

Ez da egoera egokiena. Lokalak zabalik topatzea zaila da, eta, zabaltzen dituztenek edukiera murriztua dutenez, jende gutxi etortzen da. Kalean ere zaila da gauzak egitea, jendea gero eta gutxiago ibiltzen delako. Hala ere, harrera ona izan du eta herritarrek pozik hartzen dute kultura bizirik jarraitzea.

Antzuolan ere bizi izan zara. Liburuan badago Antzuolaren zertzeladaren bat?

Aquí donde me atrevo a decirte de todo laneko olerki asko eta asko Antzuolan bizi nintzela idatzi nituen, eta, beraz, horko esentzia ere mantentzen dute idatzitako poemek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak